Magnitude txikiko 28 lurrikara Ataunen, bi orduan
Urriaren 24ko goizaldean izan ziren, gehienak Ataungo Domoaren inguruan. Santa Lutzi inguruan, Gabirian, beste bat gertatu zen tarte berean, baita Amezketan eta Irañetan (Nafarroa) ere.
Lurrikarak izan ziren eremua jasotzen duen mapa.Hitza Urriaren 24ko goizaldea aktibitate sismiko handikoa izan zen, Ataunen bereziki. Espainiako Institutu Geografikoak magnitude txikiko 28 lurrikara neurtu zituen Ataunen, gehienak Ataungo Domoaren barrenean. Richter eskalan 1.5 eta 2.5 artekoak izan ziren, horietako lau 2tik gorakoak.
UTC ordutegi unibertsalean 02:30etik 04:30ak aldera gertatu zirela dago jasota, baina Ataungo orduan 04:30etik 06:30era izan ziren lurrikarak. Bi orduko tartean gertatu ziren denak.
Ataungo alkate Martin Aramendik adierazi du herrian ez zirela sumatu lurrikara horiek, eta inongo herritarrek ez diola halakorik jakinarazi. Jakitun da Ataungo Domoaren barrenean aktibitate sismiko handia dagoela, geologo adituek emandako informazioaren arabera.
Gabirian ere bai
Egun eta ordu tarte berean, Gabirian gertatu zen beste lurrikara bat, Santa Lutzi inguruan, eta beste bana Amezketan eta Sakanako Irañeta herrian, Nafarroan.













