Mikel Balerdi olaberritarrak Zilarrezko Antzarra irabazi du
Deñe Garcia-Bravo azpeitiarrarekin egindako 'Eraman zutela' dokumentala saritu du Euskal Zine Bilerak. Ikuslearen saria eskuratu dute, Zilarrezko Antzarra eta 750 euro jasota. Epaimahaiaren aipamen berezia ere jaso du bikoteak.
Mikel Balerdi eta Deñe Garcia-Bravo bikote saritua, larunbateko galan.EZB Lekeition ospatu berri den 48. Euskal Zine Bilerak bere Sail Ofizialeko Lehiaketaren irabazleak eman ditu ezagutzera larunbateko ekitaldian. Mikel Balerdi olaberritarrak eta Deñe Garcia-Bravo azpeitiarrak egindako Eraman zutela dokumentalak EITB Ikuslearen Saria eskuratu du, ikusleen botoen bidez aukeratuta. Bikoteak Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria jaso ditu, Josu Bilbao, EITBko fikzioaren arloburuaren eskutik.
Epaimahaiaren aipamen berezia ere jaso dute. “Filmean lantzen den gaia izugarria da, isiltasunez inguratuta egon dena. Memoria historikoa modu tekniko, zehatz eta enpiriko batekin kontatua. Trauma historikoei beraien lekua egina. Historia tristea xamurtasunez kontatua” azaldu du epaimahaiak.
Guztira hogei film labur izan dira lehiaketara heltzea lortu dutenak, eta horiek urriaren 16tik 18ra bitartean ikusi ahal izan dira zine aretoan.













