«Musika tristuratik egitea bada hautu pertsonal bat»
Esanezin taldeak 'Hormetan idazten' diskoa kaleratu du, eta urriaren 25ean aurkeztu zuten, Ordiziarock jaialdian. Aranzabek azaldu du hormetan idazten diren pentsamenduak «kantu bihurtu» nahi izan dituela.
Ianire Aranzabe musika altzagarra. Jon Urbe / FOKU Altzagarate du jaioterri Ianire Aranzabek (Altzaga, Gipuzkoa, 1999), Goierri sakonean dagoen auzo txiki bat. 2021ean hasi zuen ibilbidea, bakarlari bezala, eta handik gutxira batu zitzaizkion beste hiru musikari, laukotea osatuz: Iñigo Asensio (teklatua eta korua), Arri Iraeta (bateria eta korua), eta Imanol Rubio (gitarra elektrikoa). Horrela sortu zen Esanezin. Aireratzen EPa eta Erretratu bat lehen diskoa kaleratu ostean, Hormetan idazten bigarren lan luzea eman du argitara. Ordiziarock jaialdian aurkeztu du diskoa, familiaren eta lagunen babesean.
Hormetan idatzi dituzu kantuak. Zer dela eta?
Kontzeptu aldetik, lehenengo aldiz espazio batean irudikatu ditut kantuak. Ez dakit zergatik, baina esaldi batzuk hormetan idatzita irudikatu ditut, ulertzen dudalako hormek ematen digutela batzuetan lotura bat munduarekiko eta bertan gertatzen diren gauzekiko. Baita gure arteko hausnarketa eta gogoetarako elkarrizketa modura ere.
Diskoa nola hasi eta nola bukatu bereziki pentsatu duzu?
Nik beti defenditu izan dut zerbaitegatik ematen diegula ordena bat kantuei. Istorioak kantu bakoitzaren barruan doaz, baina disko honetan bereziki pentsatu dut hasieran eta bukaeran. Diskoa hasten da esanez azken aldiek ez dutela abisatzen. Bukatzen dut aldarrikatuz batzuetan ez garela iristen, eta ez dela ezer ere gertatzen. Lasaitasun edo bake mezu batekin amaitu nahi izan dut.
2021ean hasi zenuen ibilbidea. Bilakaerarik nabaritu duzu?
Asko aldatu naiz, baina aldi berean nire bizitza ez da aldatu. Bilakaera oso naturala izan dut, eta horrek poztu egiten nau. Diskoz disko joan gara talde bezala bidea zabaltzen, eta gauzak poliki-poliki etorri dira. Momentu oro jakitun egon naiz eman ditudan pausoez, eta egin dudan gauza bakoitza disfrutatzeko eta asimilatzeko aukera izan dut. Batzuetan eskertuko nuke kontzertu gehiago izatea, baina uste dut gure kantuek egin dutela bidea.
Esan duzu kontzertu gehiago edukitzea gustatuko litzaizukeela. Batzuetan gehiago espero izan duzu?
Egia da dena oso markatuta dagoela. Erretratu bat diskoa 2023ko azaroan atera genuen, eta saiatu ginen lehenengo hilabeteetan aurkezpen bira bat egiten, baina oso kontzertu gutxi lotu genituen: hiru edo lau. Esan genuen: «Hauxe da dagoena, eta honekin aurrera egin behar dugu». Diskoak urtebete egin zuenean, atera genuenean baino kontzertu gehiago genituen.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













