Lehen sorospenei eta desfibriladoreei buruzko ikastaroak martxan
Beasaingo Udalak bihotz-babesa indartuko du ikastaroen bidez. Larrialdi egoeren aurrean erantzuteko prestakuntza jasoko da. Doako ikastaroak izango dira, eta azaroan emango dira.
Desfibriladorea Igartza inguruan. Herritarren ongizatea eta osasuna sustatzeko konpromisoarekin bat, Beasaingo Udalak berriro eskainiko du lehen sorospenei eta desfibriladoreen erabilerari buruzko prestakuntza ikastaroa. Helburua da herritarrei larrialdi egoeretan bizitza salbatzeko beharrezko ezagutzak ematea eta komunitate osasuntsuagoa eraikitzen laguntzea.
Udalak duela urtebete jarri zituen desfibriladore automatikoak udalerriko hainbat puntutan —Usurbe antzokian, Urbiberri gizarte-zentroan, udaletxean, Dolarea hotelaren ondoan, Bideluze plazan eta Ezkierdi frontoian—, eta horren osagarri gisa antolatu ziren lehen prestakuntza saioak. Lehen edizioan 60 herritar inguruk parte hartu zuten, eta ikastaroan jasotako ezagutzak funtsezkoak izan dira zenbait benetako larrialdi egoeratan.
Aurten, horren esperientzia onaren ondoren, bigarren edizioa egingo da, herritarrek bihotz-biriketako bizkortzearen oinarrizko teknikak eta desfibriladore automatikoen erabilera segurua barnera ditzaten.
Bizitza salbatzeko
Udalaren arabera, bihotz-geldialdiak maiz gertatzen dira ospitaletik kanpo, etxeetan edo kalean, eta lehen minutuetan emandako esku-hartzeak %70etik gorako biziraupen-aukerak eskain ditzake. Horregatik, prestakuntza honek tresna baten erabilera soila baino askoz gehiago eskaintzen du: herritarren erantzukizuna, elkartasuna eta konfiantza indartzen ditu, komunitate osoarentzat babes sare eraginkorragoa sortuz.
Egunak eta izen-ematea
Ikastaroak doakoak izango dira eta 17:30etik 20:30era egingo dira; ordu bat teoria eta bi ordu praktika izango dira. Talde bakoitzak gehienez hamabost parte-hartzaile izango ditu.
Egunak eta lekuak honako hauek dira: azaroaren 6an, Murumendi eskolan; azaroaren 18an udaletxean; azaroaren 19an, Urbiberri gizarte-zentroko erabiltzaileentzat; eta azaroaren 20an Antzizar kiroldegian.
Urbiberriko saiorako izen-ematea zentro berean egingo da, eta gainerako saioetan parte hartu nahi dutenek dagokion galdetegia bete beharko dute udalaren ohiko bideen bidez












