2026rako %2,8ko igoera orokorra onartu da ordenantza fiskaletan
EH Bilduren ezezkoarekin onartu du udalbatzak neurria. Ongizatea, euskara eta merkataritzarako laguntzak indartu dira. CAFi eta polizia ereduari buruzko mozioak onartu dira.
Beasaingo osoko bilkura, artxiboko irudian.Ariane Vierbücher Beasaingo udalbatzak urriko ohiko osoko bilkura egin zuen pasa den ostegunean eta bertan gai ugari jorratu ziren: 2026. urteko zerga, tasa eta prezio publikoen eguneraketa; gizarte eta euskara arloetako dirulaguntzak; etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratazioa; eta bi gai nagusiri buruzko mozioak, bata CAF enpresari lotua eta bestea bizikidetza eta segurtasunaren inguruan.
Zerga eta tasen aldaketak
2026rako zerga, tasa eta prezio publikoen %2,8ko igoera onartu da, KPIaren araberakoa. Ondasun Higiezinen Zergan, familia ugarientzako hobari berriak onartu dira, errenta familiar estandarizatuaren arabera, eta %90era arteko murrizketak izan ditzaketenak. Errenta kalkulatzeko, seme-alaba kopurua, desgaitasuna edo genero-indarkeriaren biktima izatea hartuko dira kontuan.
Bestalde, Eraikuntzen, Obren eta Instalazioen gaineko Zerga Foru Araura egokituko da, izan ere, indarrean zegoen araudia 1989koa zen.
Zaborren tasak %2,8 egingo du gora, etxebizitza zein komertzioei dagokienez.
Zenbait tasak ez dute igoerarik izango: ibilgailu elektrikoen karga puntuak, oposizioetako azterketak, autotaxien lizentziak, Igartza monumentu multzoko prezioak, euskarazko udalekuak, TAO zerbitzua, Musika Eskola eta Euskaltegia (azken horiek aurrez onartuak daudelako).
EAJren udal gobernuaren arabera, «neurriak udalaren finantza-oreka eta zerbitzu publikoen jasangarritasuna bermatzea du helburu». Oposizioko alderdi nagusia den EH Bilduren ustez, ordea, ordenantza fiskalak «aukera galdua» dira Beasainen bizi-kalitatea eta gizarte-kohesioa indartzeko. Oposizioaren iritziz, udal gobernuak ez du baliatu une egokia etxebizitza eskuragarritasuna lehentasun bihurtzeko, eta etxebizitza hutsen gaineko errekargua edo alokairu sozialeko programetan parte hartzen duten etxebizitzentzako hobari handiagoak ez onartzeak norabide horretan atzerapausoa dakar. Gainera, tasa eta zergetan progresibitatea txertatzeko proposamena ere ez dela aintzat hartu salatu zuen EH Bilduk, eta horrek udal zerbitzuen irisgarritasunean eragin dezakeela azpimarratu zuten.
EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin onartu zen, Podemosen abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoekin.
Etxez etxeko laguntza
Bilkuran etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitazioa ere onartu zen, EH Bilduren abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko botoekin. Zerbitzua hiru urterako izango da, eta 1,38 milioi euroko aurrekontua izango du (BEZa barne: 1,44 milioi euro). Aurrekontuaren %85 langileen soldatetara bideratuko dela iragarri zuen udal gobernuak. Zerbitzua beasaindarren beharretara egokituko da: lan bakoitzak gutxienez 30 minutuko iraupena izango du eta etxez etxe joateko denbora lanordu gisa zenbatuko da. Zerbitzuaren barruan paseoak eta konpainia etxean egitea ere sartuko dira.
Dirulaguntzak
Eguneko gai zerrendan jasota zeuden ongizatea, euskara eta merkataritza sustatzeko dirulaguntzak emateko oinarriak, osoko bilkurak aho batez onartu zituenak. Guztira, 100.000 euro bideratuko dira gizarte arloan diharduten elkarteentzat: eremu soziosanitarioa, 3.000 euro; gizarte-bazterkeria arriskuan daudenentzako proiektuak, 10.000 euro; desgaitasuna duten pertsonentzako ekimenak, 10.600 euro; elkartasuna sustatzeko ekintzak, 4.000 euro; adineko eta jubilatuen programak, 72.400 euro. Eskaerak abenduaren 12ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Azokako erosketak sustatzeko, udalak bonu sistema berria jarriko du martxan datorren urtean, 2026an. Bonu bakoitza 20 eurokoa izango da; herritarrek 10 euro ordainduko dituzte eta udalak beste 10 euro jarriko ditu. Bonuak erabil daitezke otsailaren 3an, otsailaren 7an, martxoaren 7an eta apirilaren 11n egingo diren azoketan. Helburua da astearteko eta hilabeteko lehen larunbateko azokak indartzea eta 2026an 100 urte beteko duen Beasaingo azoka biziberritzea.
Horrez gain, udalak 150 euroko laguntza emango die gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz gainditzen duten beasaindarrei. Neurri honek 2025eko urtarrilaren 1etik izango du eragina.
Gainera, Gabonetako kartel lehiaketaren oinarriak onartu zituzten. Lanak abenduaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Osoko bilkuran, bestelako gai politikoak ere eztabaidatu zituzten udal ordezkari politikoek, tartean CAF enpresaren jarduera eta giza eskubideekiko ardura soziala, baita elkarbizitzaren eta segurtasunaren inguruko mozioak ere.
Erantzukizuna eskatuz
Podemosek, CAFek Israelen okupazio-politikekin izan ditzakeen loturak aztertzeko beharra aipatu zuen, eta udalaren gardentasuna eta erantzukizun soziala indartzea proposatu. EAJren eta PSEren mozioak ikuspegi instituzionalagoa izan zuen, udalaren harreman ekonomikoak aztertzea eta NBEren giza eskubideen ebazpenekin bat jardutea proposatuz. Bi testuek azpimarratu zuten enpresen jardunak ezin duela giza eskubideen aurka joan, baina eztabaidak ikuspegi desberdinak islatu zituen.
Ereduaren berrikuspena
Elkarbizitzaren inguruko hiru mozioek, azken asteotan izandako Ertzaintzaren, udaltzaingoaren eta ordezkari publikoen aurkako gertakarien eztabaida zekarten. Hiru alderdi nagusiek —EAJ-PSE, EH Bildu eta Podemos— mozio bana aurkeztu zuten: EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako adierazpenak irmoki gaitzetsi zituen polizien aurkako erasoak, eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren lana babestu zuen; EH Bilduk, erasoak salatzeaz gain, kritika politikoaren zilegitasuna eta polizia-ereduaren berrikuspena defendatu zituen; eta Podemosek bi ikuspegiak uztartu zituen, erasoen gaitzespena eta protesta eskubidearen defentsa nabarmendu zituen, eta polizien prestakuntza eta gardentasuna indartzea eskatu zuen.
Bi kasuetan, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioak onartu ziren













