«Moda mundua sendatu egin nahiko nuke, gaixorik baitago»
Estilista da Aranburu, eta Euskal Herriko hainbat musikari jantzi ditu, hala nola Eider, Maren, Aimarz eta Sune. Horrez gain, barazki eta landare saltzailea ere bada, Lazkaoko eta Ordiziako azoketan.
Iñigo Aranburu, aitona-amonen Ondarre baserriaren aurrean, Lazkaon.
Jon Urbe / FOKU Azken hilabeteetan ezaguna egin da Iñigo Aranburu estilista (Lazkao, Gipuzkoa, 2000), bereziki Tiktok sare sozialean. Irakurle batzuek, agian, hortik ezagutuko dute Aranburu, noizbait entzun dutelako bere kontuan (@aranburuuuu) Euskal Herriko estilismoaz hitz egiten —Instagramen ere badu kontu profesionala: @styledbyinigo—. Beste batzuek, berriz, Lazkaoko eta Ordiziako azoketatik ezagutuko dute, hantxe egoten baita astelehenero eta asteazkenero, barazkiak eta landareak saltzen. Bi arlo erabat ezberdin uztartzen ditu, eta bietarako sena familiatik datorkio.
Askok ez dituzte bereizten estilistaren kontzeptua eta diseinatzailearena. Zu estilista zara. Zertan datza hori?
Begira, joan den asteburuan Sune jantzi nuen Ura bere bidean emanaldirako, eta Instagramen hainbat post argitaratu ditut, baita lagunei argazkiak bidali ere. Denek uste zuten nik egin dizkiodala jantziak; ez dute ulertzen zer den pertsona bat janztea. Ni ez naiz jostuna, ezta diseinatzailea ere. Nik artista edo pertsonen estiloari bilatzen diot ondo doakion jantzi bat. Hori da estilista izatea. Sune jantzi nuenean, une horretan harentzat aproposa zen jantzi bat bilatu nuen.
Moda betidanik gustatu al zaizu?
Txiki-txikitatik. Gogoan dut modako aldizkarietan ikusten nituela desfileak, eta nolabaiteko zirrara sentitzen nuela. Gure amona zena ere oso modazalea zen. Estilo handiko emakumea zen, eta nik uste hari esker nire ama ere oso modazalea dela. Haiei zor diet modaren inguruan sentitzen dudan grina.
Besteak beste, Eider, Maren, Aimarz eta Sune jantzi dituzu. Nor gehiago jantziko zenuke?
Oso gustura jantziko nuke Pello Reparaz. Badauka ausardia puntu hori, eta uste dut oraintxe bera izan daitekeela inspirazio atzetik datozen beste hainbat artista mutilentzat.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













