Nondik hasi jakiteko
Beasaingo eta Ordiziako udalek etxebizitza diagnosia egin dute aurten. Inor erroldaturik gabeko 932 etxebizitza daude Beasainen, eta 541 Ordizian. Zumarragan 139 etxebizitza huts identifikatu dituzte.
Ordiziako Alde Zaharraren ikuspegi, Arramendi ingurutik. Iñaki Gurrutxaga Zenbait udalek etxebizitzaren diagnostikoa osatu dute aurten, egoera zein den ezagutu, datuak mahai gainean jarri eta etorkizunerako erabakiak hartu ahal izateko. Goierrin, Zumarragako, Beasaingo eta Ordiziako udalak izan dira aurten diagnosia egin eta herritarrei emaitzak aurkeztu dizkieten azken udalak.
Ordiziako Udalak urte hasieran aurkeztu zituen «etxebizitzaren arazoari irtenbide bat emateko asmoz» egindako diagnostikoaren emaitzak. Ordizia Tentsio Handiko Bizitegi izendatzea eskatuko zuela azaldu zuen, izendapenak «etxebizitza merkatuan eragiteko zenbait neurri hartu ahal izateko aukera» emango liokeelako udalari, eta horretarako beharrezkoa zela diagnostikoa egitea aurrena.
Gazteen emantzipazio mailari arreta berezia jarri zioten: «Izan ere, Ordizian 2.121 gazte bizi dira, biztanleria osoaren %19,8, eta batez ere 18-34 urte artekoek, zailtasun handiak izan ohi dituzte etxebizitza eskuratzeko. Adin tarte horretako %38,5 dago emantzipatuta».
Eskariari dagokionean, iazko uztailean 411 etxebizitza eskaera zeuden aktibo, «mila biztanleko 38,4 eskaera». Eskaeren %74,9 Ordizian erroldatutakoek egin zituzten, eta eskaeren %89,5 alokairu eskaerak ziren.
4.820 etxebizitzak osatzen dute Ordiziako etxebizitza parkea; 541 etxebizitza inor erroldaturik gabe daude.
Alde Zaharrean batik bat
Beasaingo Udalak maiatzean aurkeztu zituen etxebizitza egoeraren diagnostikoa. Azterketaren arabera, 252 etxebizitza huts identifikatu dituzte, ur-kontsumoetatik eta kontsumo elektrikoetatik datorren informazioa aztertuta; etxebizitza horien %39,7 Alde Zaharrean daude, eta %26,6 inguruan. Etxebizitza hutsen gehiengoak 45 urte inguruko aintzinatasuna du. Horiek mobilizatzeko, jabeei alokairua sustatzeko programen berri eman die udalak, eta birgaitzeko laguntzen informazioa indartu du. Halere, pertsonarik erroldatuta ez duen 932 etxebizitza daude: «Erregistro horietako asko ez datoz bat etxebizitzekin, baizik eta jarduera ekonomikoen helbideekin, institutuekin, parrokiarekin, eraitsitako etxebizitzekin… Batzuk eraikin berriak dira, eta titularrak oraindik ez dira bertan erroldatu».
Emantzipazioari dagokionean, 18 eta 34 urte arteko 846 pertsonak emantzipatzea lortu dutela ondorioztatu dute, eta 1.503 pertsona oraindik familiaren etxean bizi direla.
Beharrei eta eskaerari dagokionean, aldiz, 538 pertsonak eskatu dute etxebizitza babestua, eta horietatik 294 Beasainen erroldatuta daude. %78ak alokairuko etxebizitza eskatzen du.
Etxebizitza hutsen azterketa
Zumarragako Udalak ekainean aurkeztu zuen etxebizitza hutsen inguruan egindako azterketa. 139 etxebizitza huts identifikatu zituen, «Zumarragako alokairu eskariari erantzuteko potentzial handiko baliabide gisa».
Gehienak herrigune historikoan daude, eta batez beste 61,4 urteko antzinatasuna dute. «Beraz, birgaitze behar handia dute; eta eraikinen %52ak ez du igogailurik».
Eskatzaileen profila ere aztertu zuen udalak. 358 pertsona zeuden izena emanda etxebizitza eskuratzeko; horietatik %82ak alokairukoa nahi dute. «Datu horrek kontraste nabarmena erakusten du udalerriko parkearekin, non etxebizitzen %87 jabetzakoak diren».
Etxebizitza hutsen errekargua %50etik %150era igoko da Ordizian
Urri hasieran, 2026ko ordenantza fiskalak onartu zituen Ordiziako udalbatzak. OHZ Ondasun Higiezinen gaineko zergaren barruan, etxebizitza hutsen errekarguaren igoera onartu zen, Ordizia Orain taldeak proposatuta. Hala, %50etik %150era pasako da errekargu hori, foru arauak baimentzen duen gehiengora arte, alegia.
Berriki, 2026ari begira, Beasaingo EH Bilduk eta Legazpiko Berdeak taldeak hurrengo urteko proposamen fiskalen artean aipatu dute hain zuzen etxebizitza hutsen errekargua %150era igotzea.













