Ohiko osagaiekin bueltan dira San Martin festak Ataunen
Bihar hasi eta asteartera arte iraungo du jaiak Ataunen. Ostirala kuadrilla eguna da, eta larunbata haur eta mozorroen eguna. Asteartean ospatuko da San Martin, azaroaren 11n.
Ataungo San Martin auzoan bihar hasiko dira jai nagusiak, eta Jai Batzordeak sei eguneko egitarau zabala antolatu du herritarren eta bisitarien gozamenerako. Aurten ere, ohiko egitura mantenduko dute, San Martin eguna –azaroaren 11– eta aurreko asteburua izango baitira ospakizunen ardatz nagusiak. Auzoko plaza festaleku bihurtuta, ataundarrak prest dira sei eguneko jardunaldiari hasiera emateko, txosna, karpa eta guzti.
Urtero ikusi izan diren egitarauetatik aldaketa handirik gabea izango da aurtengoa, eta beste urte batez, musika emanaldiek, herri bazkariek, kultur ekintzek eta txapelketa zein lehiaketa herrikoiek osatuko dute programaren muina. Torto Gazte Asanbladak ere Sanmarfest bi eguneko jardunaldia antolatu du Oargin, astebururako, eta egitarau nagusiaren osagarria izango da. Goizeko ordu txikietan izango den musika eskaintzaz aparte, herrian aurten sortu berri den areto futboleko Ataun KE taldearen partidan izango dira jana eta edana saltzen.
Hala ere, partida hori baino lehenago lehertuko da festa Ataunen, bihar udaletxetik jaurtiko duten hasierako txupinarekin. Iluntzeko ekitaldi nagusia patata-tortilla lehiaketa izango da. Bikoteka parte hartu ahalko da, eta bakoitzak eraman behar ditu sua, zartagia eta bestelako tresna guztiak. Osagaiak, aldiz, antolatzaileek emango dizkiete: arrautzak, patata eta olioa. Ordubete izango dute tortilla prestatzeko eta aurkezteko. Ondoren Pancho Balbuena musikari mexikarra izango da.
Launa kana
Kuadrilla eta mozorro egunak ospatuko dituzte ondoren, hurrenez hurren. Adin tarte guztietarako ekintzak izango dira horietan; ostiralean, esaterako, umeek puzgarriak izango dituzte, eta larunbatean, berriz, toka txapelketa eta bazkaria. Helduek ere izango dute tokan jokatzeko aukera, larunbatean egingo den txapelketan. Ekitaldi ezberdinez gain, musikaren agertoki bihurtuko dute plaza bi egun horietan: osiralean, DJ Lizarrusti, Alarma Morea, Baden Giro izango dira karpan, eta DJ Ebapo, berriz, plazakoa amaitutakoan, Oargin; larunbatean, berriz, DJ Narrubi, Bulkada eta Laket izango dira, eta DJ Tintz, azkenik, Oargin.
Igandea ere ez da gutxiagorako izango. Sortzaile eta artisauen azokarekin irekiko dute goiza, eta Ataungo XIV. Mondeju Lehiaketarekin segiko dute. 12:30ean hasiko da, karpan. Edozein ataundarrek parte har dezake, aurrez izena emanda. Bakoitzak 30na euro jasoko du osagaiak erosteko laguntza gisa. Mondejuak, egosita eta bere saldarekin, igandean 11:00etarako aurkeztu behar dira, karpan. Lau kana eraman behar dira. Epaimahaikoak 12:30ean hasiko dira dastatzen. Usaina, zaporea, ebaketa eta nahasketako osagaien txikiketa hartuko dituzte kontuan. Otsoak dantza taldearen ikuskizunak itxiko du egitaraua.
Azken eguna, San Martin
Patroiaren eguna azaroaren 11n ospatuko dute, San Martin egunean. Goizean goiz ohiko meza nagusia egingo dute, eta jarraian, jubilatuentzat salda eta mokadutxoa banatuko dira Atseden Tokin. Eguerdian, Artzain Txakur lehiaketa jokatuko da, eta arratsaldean haurrekin egingo duten bizikleta eta moto ginkanarekin amaituko dituzte jaiak.
EGITARAUA
Bihar, osteguna
16:30: Txupinazoa, buruhandiak eta txokolatada.
18:30: Patata tortilla lehiaketa.
21:00: Afaria karpan.
22:00: Pancho Balbuena.
Ostirala, kuadrilla eguna
13:00: Karropoteoa.
14:30: Bazkaria.
16:00: Umeentzako puzgarriak.
18:30: DJ Lizarrusti auzoan.
21:00: Afari autogestionatua.
23:00: Alarma Morea, Baden Giro eta DJ Ebapo.
Larunbata, mozorro eguna
11:00: Umeen toka txapelketa Aizkoaten.
12:30: Etxarriko erraldoiekin kalejira.
12:30: Helduen toka txapelketa Aizkoaten.
14:00: Umeen bazkaria.
15:00: Lizarrustiko launek eta DJ Narrubi.
Ondoren, umeentzako merienda.
16:00: Mus txapelketa Aizkoaten.
18:00: Mozorro juntadizoa.
19:00: Sagardo dastaketa.
21:30: Afari autogestionatua.
23:30: Bulkada, Laket eta DJ Tintz.
Igandea
11:30: Sortzaile eta artisau azoka plazan.
12:30: Ataungo XIV. Mondeju Lehiaketa.
12:30: Kantu poteoa.
17:30: Otsoak dantza taldearen ikuskizuna.
Astelehena
11:30: Umeentzako futbolin txapelketa eta txikien txokoa.
17:00: Umeen olinpiadak.
Asteartea, San Martin
13:00: Artzain Txakur lehiaketa.
16:30: Umeentzako bizikleta eta moto ginkana.













