Ormaiztegiko ziklo-krosaren biziberritzea
Urtarrilean bertan behera geratu ondotik, igande honetan jokatuko da 53. Ormaiztegiko ziklo-krosa.
Gorka Izagirre eta Unai Galarraga Ormaiztegiko ziklo-krosaren antolatzaileetako bi, Jon Enrike alkatea eta Abraham Olano Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko lehendakaria. Hitza Lan askoko egunak izaten ari dira hauek Gorka Izagirrerentzat. Txirrindularitza profesionala utzita, bizikletatik jaitsi eta beste aldera pasa da Unai Galarraga, Iñaki Iurrita eta Iker Txaparrorekin batera, Ormaiztegiko ziklo-kros probaren antolaketa lanetan «buru-belarri» sartuta. «Ilusioz eta gogotsu» dago ormaiztegiarra igandeko probaren esperoan. Urtarrilean bertan behera geratu eta gero, indarberrituta dator 53. edizioa. «Ormaiztegiko ziklo kros historikoaren biziberritzea» deitu diote hainbatek eta atzo aurkeztu zuten Ormaiztegin, prentsaren aurrean. Antolakuntza talde berriko Izagirre eta Galarragarekin batera, Abraham Olanok, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren izenean eta Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak ere hartu zuten parte bertan.
Angel Elorzak antolaketaren ardura utzi behar zuela jakinarazi zienean, ez zuen bi aldiz pentsatu Izagirrek; baina erreleboarena prozesu moduko bat izan dela dio, «Angel Elorza 40 urtez aritu da antolaketa lanetan, azken urteetan aita ere bai —Jose Ramon Izagirre— eta taldetxo bat osatu dute Juanjo Sagarnarekin batera. Herritarrak ere beti egon izan dira probarekin inplikatuta», dio. Berak ere makina bat bider parte hartu izan du etxeko proban —52. edizioa ere berak irabazi zuen—: «Beti izan dut herritarren babesa. Haurra nintzenetik bizi izan dudan zerbait da eta orain hiltzen uztea ez zen aukera bat». Ormaiztegiko ziklo krosa, Espainiako proba zaharrena izateaz gain, mundu mailako hirugarren zaharrena ere bada, «Belgikako beste proba batekin berdinduta».
«Ormaiztegiko ziklo-kros proba orain hiltzen uztea ez zen aukera bat»
Gorka Izagirre. Probaren antolatzailea
Aldaketen edizioa
Antolakuntzaz gain, data, maila eta ibilbide aldaketa ere izango ditu 53.enak. Nazioarte mailako UCI C2 mailako txapelketa izango da aurten Ormaiztegikoa, «nahikoa garbi izan dugu salto bat eman behar zela aurrera. Garai batean ere hala izan ohi zen. Belgikatik, Frantziatik… etorriko dira txirrindulariak», zehaztu du Izagirrek.
Ibilbideari dagokionean, herrigunean presentzia handiagoa izango du berriz lasterketak eta urteetan mitikoa izan zen Ormaiztegiko jaitsiera ere berreskuratuko dute, «azkeneko urteetan bihurgune batzuk jarri izan ditugu abiadura jaisteko, baina aurten berriz ere zuzen jaitsi beharko da». Zabalkundeari dagokionean ere bada berrikuntzarik, aurten, lehenengoz streaming bidez jarraitu ahal izango baita zuzenean proba Youtube kanalean, bi esatarirekin.
Elorzari omenaldia
Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak ere «oso positiboki» baloratu du probaren berreskuratzea, bi arrazoiengatik. Batetik, probarekin jarraitzeko ordezkaritza egon badagoelako, «pozgarria da Gorkak eta Unaik erreleboa hartu izana, besteren artean, horrek esan nahi duelako etorkizuneko ziklo krosa bermatuta dagoela», esan du. Bestetik, baita salto bat eman delako lehiari dagokionean, «nazioarteko ziklo kros proba izango delako berriz, horrek dituen ezaugarri eta baldintza guztiekin. Ikustera datozenentzat ere aldaketa garrantzitsua da», azpimarratu du.
Egindako lana eskertu asmoz, omenaldia egingo diote igandean Angel Elorzari. «Igandean egingo zaion omenaldia ez da nahikoa izango egin duen lan guztia eskertzeko», nabarmendu du Enrikek. Amaitzeko eskerrak eman dizkio Elorzari, «egindako guztiagatik» eta baita lantalde berriari probari jarraipena eman diolako ere.

Liburu aurkezpena ostiralean, ziklo-krosaren atarian
Ormaiztegiko ziklo kros probaren harira, Vencer en tierra de espias eleberria aurkeztuko du ostiral honetan Juanjo Moral Cibrianek 19:00etan, gizarte etxean. Gorka Izagirre txirrindulari ohiak lagunduko dio aurkezpen lanetan.
Zumarragarrak txirrindularitza eta Gerra Hotza uztartzen dituen eleberria kaleratu zuen 2024ko irailean, Estrella del Norte argitaletxearekin. Espioiak, traidoreak, inteligentzia agentziak, infiltratutako agenteak, Berlingo harresia eta txirrindularitza dira Gerra Hotzaren garaian kokatutako lan honen mamia. Trama 1975ean garatzen da, eta Altzairuzko Oihala zeharkatu zuen Bakearen Lasterketa txirrindularitza proba du oinarri. Moralen aitak proba hartan parte hartu eta etapa bat ere irabazi zuen, eta aitak han bizitakoak bildu ditu lanean. Aitaren garaipenak eta bizipenak izan dira idazle berri honen inspirazio iturri.
Istorioa Ekialdeko Alemanian, Txekoslovakian eta Polonian garatzen da batez ere, baina baita Sobietar Batasunean, Espainian, Frantzian, Kuban eta Euskal Herrian ere. Pertsonaia batzuk euskaldunak dira eta Bilbo, Donostia, Lazkao, Legazpi edo Donibane Lohizune ere agertzen dira tartean.
Ormaiztegin aurkeztuko du eleberria ostiral honetan, baina aurretik ere egin izan ditu hainbat saio Goierriko beste hainbat herritan ere, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan eta Gabirian, hain zuzen. Moral ingeniaria da lanbidez eta Irizar enpresan lan egiten du.













