«XVI. mendean jarraitzen dut, baina kostaldera aldatuta»
Mareak igotzean dakartzan istorioak jasotzen ditu Ane Odriozolaren bosgarren nobelak. XVI. mendeko kostaldean kokatuta, thriller historikoa da. Gaur aurkeztuko du Latxartegin, 19:00etan.
Ane Odriozola Cia idazlea. Josu Altzelai XVI. mendeko Gipuzkoako kostaldeko herri batera joan da Ane Odriozola idazle legazpiarra azken nobelan, eta traizioen, familia sekretuen eta ustekabeko heriotzen jira-biran murgilduko ditu oraingoan irakurleak. Al subir la marea [Mareak gora egiten duenean] du izenburua, eta dagoeneko salgai dago. Gaur da Legazpiko aurkezpena, eta bihar Zumarragan izango da.
Nolatan joan zara kostaldera?
XVI. mendean jarraitzen dut, baina tokia aldatuta, kostaldera. Ez da aurreko nobelaren jarraipena [El valle del hierro], baina hartan barnealdean bizitza nolakoa zen kontatzen nuen bezala, garai berean kostaldean nolakoa zen kontatzen dut honetan.
Zergatik? Zerbaiten falta sumatzen zenuen?
Burdinaren haranean kokatzen zen nobelarako dokumentatzeko, XVI. mendean Euskal Herri osoa nolakoa zen begiratu nuen, eta atentzioa eman zidan 30-40 kilometroko distantziara bizitza nola izan zitekeen hain desberdina. Gipuzkoa barrualdean dena ziren burdinolak, olagizonak eta burdinaren inguruko beste lanbideak, eta kostaldean itsasoak agintzen zuen: ontzigintza, ontziolak, marinelak, balearen arrantza… Bata bestearengandik hain gertu egonda, oso desberdinak ziren bi munduak. Eta bat kontatu nuenez, bestea kontatzea pentsatu nuen. Ziklo bat bukatzea bezala izan da.
Ezezagunagoa zen zuretzat kostaldea?
Askoz ere gehiago. Burdinola bat hemen gertu edukita, mundu hori ezagutzen nuen, banekien zer zen olagizon bat eta zer egiten zuen… baina itsasontzi bat nola egiten zen, edo balea nola harrapatzen zuten ez. Bi lanetarako dokumentatzea nahiko neketsua izan da, baina kostaldeko bizimoduari buruzkoa are gehiago, ezezaguna zelako niretzat.
Zer da lan honetan kontatzen duzuna?
Ohi bezala, dokumentazio lanean aurkitutakoa nik asmatutako istorio batekin lotu dut, hau da, gertaera errealak eta nik asmatutakoak uztartu ditut, eta lan honetan misterioa eta suspensea txertatu ditut. XVI. mendeko testuinguru errealean nik asmatutako familia bat, ontziola bat eta hainbat gertaera jarri ditut, misterio kutsua duen trama bat osatuz.
Baina ez da nobela historikoa.
Nobela historikoa niretzat beste gauza bat da, historiarekin zorrotzagoa. Hau thriller historikoa dela esango nuke.
«Liburuko emakumeei dena aurka duten garaian tokatu zaie bizitzea, baina egundoko indarrarekin egiten diote aurre gertatzen zaien guztiari»
Eta emakumeek leku garrantzitsua dute.
Burdinaren haranean kokatu nuen istorioan bezala, oraingoan ere bai. Mariana, Beatriz, Elvira, Quiteria… Dena aurka duten garaian tokatu zaie bizitzea, baina egundoko indarrarekin egiten diote aurre gertatzen zaien guztiari.
Beraz, XVI. mendea, misterioa, emakumeak… Trinomio horretan espezializatzen ari zara?
Ez. Hain zuzen, orain idazten ari naizen liburu berriak ez du zerikusirik horrekin. Lehenik Gibolako trilogia idatzi nuen, Legazpin eta XX. mendean kokatuta, eta ondorengo barrualdea-kostaldea bi liburuek ziklo bat osatzen dute, baina itxitzat eman dut. Horien ondoren arnas pixka bat hartzea behar nuen, iraganeko kontuak amaitu, eta gaur egungo istorio bat kontatu. Ez dut esaten ez naizenik itzuliko berriz ere thriller historikora, lan handia eskatu arren oso eroso sentitzen naizelako, baina orain beste gauza batera noa.
NdeNovela zigiluarekin egin duzu lan berriz ere.
Bai. Oso ondo doa gure harremana, El valle del hierro oso ondo joan zen, eta hurrengo lana ere haiekin ateratzea proposatu zidatenean ez nuen zalantzarik izan. Planeta argitaletxeak zigilu berri bat sortu zuen hain ezezagunak ez diren idazleontzat, eta nire literatur agentearen bidez iritsi nintzen bertara. Oso pozik nago.
Aurkezpenetan murgilduta zaude orain.
Joan den asteazkenean prentsa bidaia bat egin genuen Pasaiako Albaolara hainbat komunikabiderekin, eta hurrengo egunean publiko aurreko aurkezpena egin genuen Donostiako Liburuaren Etxean.
Eta gaur Legazpikoa.
Gaur Legazpiko Latxartegin, bihar Zumarragan, eta etzi Lizarran (Nafarroa), nobelako hainbat pasarte han gertatzen direlako.
Zer duzu prestatuta Latxartegirako?
Beste liburuekin bezala, Josema Azpeitia kazetaria izango da nire ondoan, eta nire seme Ibai Olano eta Lara Odriozola lehengusuak ere parte hartuko dute. Aretoa oso handia da, eta liburu aurkezpenetara ez da jende asko joaten, baina etortzen diren guztiak ongi etorriak izango dira.
Amarekin egindako apustua izan zen zure idazle ibilbide honen hasiera. Imajinatzen zenuen orduan honaino iritsiko zinela?
Ez, inondik ere ez! Amari [Mertxe Cia] nobela bat idatziko niola esan nion, eta horrela sortu zen El secreto de Gibola. Nik pentsatzen nuen hura bukatu eta oparitzen nionean amaituko zela dena… Hura irakurri zuen lehena izan zen, eta oraindik nire lehen irakurlea izaten jarraitzen du. Oso pozik dago.













