Clement Horny eta Anais Morichon garaile Ormaiztegiko 53. ziklo-kros proban
[ARGAZKIAK ETA BIDEO LABURRA] Juniorretan, Benjamin Noval Suarez eta Noemie Jurado Roumieux izan dira irabazleak. Antolakuntza utzi berri duen Angel Elortzari omenaldia egin diote sari banaketa ekitaldian.
Clement Horny helmugan sartzen.Laida Goiburu Urtarrilean izaten zena baino lokatz gutxiagorekin, baina lokatzarekin dena dela jokatu da gaur goizetik eguerdira Ormaiztegiko 53. ziklo-kros proba. Eguraldia hotz zegoen goizean, baina lainoa joan den heinean zerbait berotu du eguzkiak. Nazioarte mailako UCI C2 mailako txapelketa izan da. Mailaz gain, ibilbidean ere aldaketa egon da, eta herriguneak presentzia handiagoa izan du probetan. Bost proba izan dira: masterrena aurrena, kadeteena gero, juniorrena ondoren, eta elite mailako bana, emakumeak lehenengo eta gizonak ondoren, bukatzeko. Elite mailan, Clement Horny belgikarra (1:02:18) eta Anais Morichon (49:19) frantziarra izan dira irabazleak.
Gizonezkoetan, Horny-ren atzetik sartu da helmugan bigarren Gonzalo Inguanzo Macho espainiarra, 14 segundora, eta hirugarren, 50 segundora, Mario Junquera San Millan espainiarra. Jon Izagirre Cofidis taldeko ziklista ormaiztegiarrak ere parte hartu du, eta txalo artean jaso dute haren helmugaratzea.
Emakumezkoetan, berriz, Morichonen atzetik bigarren izan da 46 segundora Sara Cueto Vega espainiarra, eta hirugarren, minutu bat eta 6 segundora, Lea Stern suitzarra.
Junior mailan, Benjamin Noval Suarez espainiarra izan da lehenengoa gizonezkoetan (36:20), bigarren Raul Lopez Sainz espainiarra 13 segundora, eta hirugarren Clement Bouyssou frantziarra minutu bat eta 9 segundora. Emakumezkoetan, Noemie Jurado Roumieux frantziarra izan da nagusi (43:31), bigarren Maria Gutierrez Perez espainiarra bi minutu eta 52 segundora, eta hirugarren Maddi Saizar Saralegi euskalduna, 3 minutu eta 12 segundora.
Masterretako eta kadete mailetako sariak ere banatu dituzte. Master 30 kategorian, Mikel Santamaria del Campo izan da irabazlea, Jose Cobo bigarren eta Markel Uriarte hirugarren. Master 40 kategorian, Iñaki Carro lehenengo, Patxi Cia bigarren eta Andoni Media hirugarren. Master 50 kategorian, Andoni Jimenez lehenengo, Jose Luis Rebollo bigarren, eta Ivan Lopez hirugarren. Eta master 60 kategorian, Aitor Zabaleta lehenengo, Rafael Iurrebaso bigarren, eta Roberto Camiruaga hirugarren. Kadeteetan, berriz, emakumezkoetan, Laura Solares izan da garailea, bigarren Naiara Saez de Jauregi eta hirugarren June del Teso. Eta gizonezkoetan, Alejandro Diego lehenengo, Aitor Beloki bigarren, eta Aimar Irizar hirugarren.
Erreleboa eta omenaldia
Aurten antolakuntzan errelebo definitiboa eman da. Gorka Izagirre txirrindulari profesional ohiak hartu du antolaketaren ardura, Unai Galarraga, Iñaki Iurrita eta Iker Txaparrorekin batera. Angel Elortzak antolaketaren ardura utziko zuela jakinarazi zienean, bi aldiz pentsatu gabe hartu zuten testigua, ziklo-kros historikoa (Belgikako beste batekin berdinduta, munduko hirugarren zaharrena da) hiltzen ez uzteko, eta azken hilabeteetan elkarlanean aritu dira errelebo hori bermatzeko.
Hain justu, Angel Elortza omendu dute sari banaketa ekitaldian, 40 urtez ziklo-krosaren antolakuntzan aritu izana eskertzeko. Eta Elortzaz gain, Marian Lavillak ere, haren emazteak, aitortza jaso du, lore sorta bat opari. Elortzaren beraren esanetan, “urtez luzez aritu delako txirrindularitzaren alde” lanean eta beste hamaika ekimenetan. “Bere garaian txirrindularitza batzordean sartu zen lehen emakumea ere izan zen”.













