Xabi Antzak irabazi du Ataungo XIV. Mondeju Lehiaketa
Bigarren saria Egoitz Goikoetxea, Ane Tapia eta Mikel Dorronsorok irabazi dute, eta hirugarrena Joxe Mari Barandiaranek. Herriko mondejuaren lagunari saria Inazio Garmendiak jaso du.
Ataungo XIV. Mondeju Lehiaketako saridunak.Laida Goiburu San Martingo jaietan murgilduta dabiltza ataundarrak ostegunaz geroztik. Gaur goizean sortzaile eta artisau azoka izan da plazan, eta eguerdian Ataungo XIV. Mondeju Lehiaketa hasi da. Plazan jarritako karpan mondejuak dastatzeko aukera izan dute inguratu direnek, eta ondoren sariak banatu dituzte. Aurrena urtero banatzen duten herriko mondejuaren lagunari saria eman dute; aurten Inazio Garmendiari eman diote. Jarraian lehiaketako sarituen txanda izan da. Xabi Antzak irabazi du aurten hamalaugarren aldiz jokatu den Ataungo mondejuaren lehiaketa, 33 punturekin. Bigarren saria Egoitz Goikoetxeak, Ane Tapiak eta Mikel Dorronsorok osatutako taldearentzat izan da, puntu bakarrera, 32 punturekin, eta hirugarrena Joxe Mari Barandiaranentzat, bigarrengoengandik ere puntu bakarrera, 31 punturekin.
Iaz hirugarren postua lortu zuen Antzak, eta 2023an bigarren postua. 2018ko lehiaketa ere berak irabazi zuen. Aurten ere berarentzat izan da irabazleari banatzen dioten platera. Bigarren sailkatuek saria lortu izana “poztekoa” dela aipatu du antolakuntzak, gazteak ere herriko ondare gastronomiko horren transmisiotik gertu daudenaren seinale baita. Joxe Mari Barandiaran hirugarren sailkatuak Jose Inazio Irastortza Zitro-ri eskaini dio saria.
Zortzi izen-emate egon dira aurten. Epaile lanetan aritu dira Iker Markinez (Kaxola), Santos Aldasoro (Arrano jatetxea) eta Inazio Garmendia eta Pili Barandiaran herritarrak. Sekula baino maila handiagoa iruditu zaie aurten aurkeztutako mondejuen maila eta kalitatea. Lehia oso parekatua eta erabakia hartzeko zaila izan dela esan dute. Era berean, jaki preziatua mantentzeko ataundarrak egiten ari diren ahalegina goraipatu dute, eta gaztedia eta kaletar jendea ere tradiziozko langintza hori ikastera eta gordetzera animatu dute.
Sari banaketa amaitu denean, sortzaile eta artisau azokan erosi dutenen artean zozketa egin dute. Lehenengo saria Marijo Barandiaranentzat izan da, eta bigarrena Ainara Gorostizurentzat.













