Barandiaranen Sara etxea bisitatzeko aukera
Larunbatean izango da eta nahitaezkoa da izena ematea. Bi orduko inguruko bisita da, Barandiaran museoan hasi eta buka.
Barandiaranen etxea Milaka izan dira 2010az geroztik Ataungo Barandiaran museoa bisitatu dutenak. 2023tik Jose Migel Barandiaran bizi izan zen Sara etxea ere bisitatzeko aukera eskaintzen ari da museoa. Hurrengoa datorren larunbatean, azaroaren 15ean izango da. Ataungo Udalak, Jose Migel Barandiaran fundazioak eta Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak lankidetzan antolatzen dituzte bisitak.
Bisita gidatua Ataungo San Gregorio auzoan kokatua dagoen Barandiaran museoan izango du abiapuntua goizeko 11:00etan. Han, hasteko, Barandiaranen bizitzaren eta lanaren gako nagusiak azalduko dituzte, ikus-entzunezkoen eta gidariaren azalpenen bitartez. Jarraian, 10-15 minutuko ibilaldia egingo dute herri bidetik Sara etxeraino; Barandiaranen etxea eta bere eguneroko bizitzako txokoak zein objektuak ezagutuko dituzte han. Joandako bidetik itzuliz, museoan emango diote amaiera, bi ordu inguruko saioa osatuz.
Jose Migel Barandiaran erbestean bizi izan zen 17 urtez (1936-1953), Lapurdin, horietako hamahiru Sara herrian. 1953ko urrian itzuli zen jaioterrira eta Murkondo auzoan Sarako Bidartea etxea eredutzat hartuta egindako etxean eman zituen hil arteko urteak (1991), Pilar ilobarekin.
Bisitak euskaraz izango dira, nahitaezkoa da aurrez izena ematea eta plaza mugatuak dituzte. 14 urtez gorakoei zuzenduak dira eta 6 euroko prezioa dute.
Informazioa eta izena emateko: 943 180 335 edo 688 895 069 telefono zenbakietara deitu, edo barandiaran@gipuzkoanatura.eus posta elektroniko helbidera idatzi.














