Bertako ikerlarien eta ekintzaileen txanda, bihar
Biharko saioan, Unai Mintegi idiazabaldarra, Ane Lore Lasa beasaindarra eta Garazi eta Onintze Garrido ahizpa beasaindarrak izango dira hizlariak.
Onintze eta Garazi Garrido Gizakari proiektuaren sortzaileak.Lide Egizala Joan den ostiraleko arrakastaren ondoren, Azaroa Zientziaroa zikloaren bigarren saioa egingo da bihar, 19:00etan, Igartzako jauregian. Beasaingo zientzia eta kulturaren topaketa hau 14. urtez ospatzen da, eta oraingoan ere jarduera klasikoetako bat eskainiko da: bertako ikerlari eta ekintzaileena.
Hala, biharko saioan, Unai Mintegi idiazabaldarra, Ane Lore Lasa beasaindarra eta Garazi eta Onintze Garrido ahizpa beasaindarrak izango dira hizlariak. Mintegik Lortek zentro teknologikoan egiten duen ikerketa lana aurkeztuko du, fabrikazio adimenduaren eta digitalizazioaren alorrean. Ane Lore Lasa sukaldari beasaindarrak, berriz, bere ibilbide profesionala eta Donostiako R jatetxearen proiektua azalduko ditu. Bestalde, Garrido ahizpek Gizakari proiektua aurkeztuko dute, antropologia eta hezkuntza uztartzen dituen ekimena.
Gainera, hilaren 17ra arte, 26 emakume izeneko erakusketa ikusgai dago Erauskin plazan, Jakiunderekin elkarlanean antolatuta. Zikloak beste bi hitzaldi izango ditu: azaroaren 21ean, Jose Inazio Garcia Plazaola eta Beatriz Fernandez Marinek Antartikako landareen inguruko saioa egingo dute, eta azaroaren 28an, Ramon Cid eta Irati Mitxelena arituko dira, osasun mentalak goi mailako kirolean duen eraginaz.
Bestalde, Lemniskata Matematika Nazioarteko Argazki Lehiaketa ere martxan dago, eta abenduaren 31ra arte aurkeztu daiteke lanak.













