Bizitza-Al Ayat: emakume migratuen topagunea
Barrenan kultur etxean elkartzen dira astelehenetan Bizitza edo Al Ayat topagunean atzerritik Ordiziara bizitzera etorritako emakumeak.
Astelehenero elkartzen dira Ordiziako Barrenan emakume migratuen topagunekoak.Loinaz Agirre Berdintasunaren eta aniztasunaren printzipioetan oinarritutako gunea da emakume migratuen Bizitza-Al Ayat. Duela 13 urte martxan jarritako topagunea da, udaleko aniztasun, berdintasun eta ongizatea sailetatik bideratuta. Astelehenero (17:00-19:00) Barrenan elkartzen dira, Ana Murcia salvadortarrak gidatuta. «Ordizian migrazio tasa oso handia daukagu, eta jatorri askotako emakumeak etortzen dira: Maroko, Sahara, Algeria, Nikaragua… Oso espazio polita da, elkartzeko gune seguru bat».
Bizipenak eta jakintzak partekatzea, elkarri laguntzea, Ordiziako beste gune batzuetan parte hartzea, sare solidarioak sortzea, osasun fisiko eta emozionala lantzea, eta ahalduntze pertsonala eta taldekakoa garatzea dira helburu nagusiak. Hamalau bat lagunek hartzen dute parte. Horietako hiru dira Hanaa (Maroko), Halima (Sahara) eta Mana (Mauritania).
Askotariko aktibitateak egiten dituzte. «Batzuk hemen, eta beste batzuk kanpoan», azaldu du Hanaak. Halimak gaineratu du «herrialde desberdinetako kultura ezagutzen» dutela. «Hilabete bakoitzean herrialde desberdin bakoitzeko janaria prestatzen eta ezagutzen dugu». Murciak zehaztu du bertakoa ere lantzen dutela. «Hemen biltzen garenon herrialdeetako kultura ezagutzeaz gain, euskal kultura ere ezagutzen dugu, euskara eta gaztelania ere bai».
«Ordizian migrazio tasa oso handia daukagu, eta jatorri askotako emakumeak etortzen dira»
Ana Murcia. Topagunearen gidaria
Ongizatean eta ahalduntzean ahalegin berezia egiten dute, gimnasia arina, yoga edo dantzarekin. Igeriketa ikastaroa ere badute Majorin, eurentzat egokitutakoa: «Nesken taldeak dira, eta gure arropekin joaten gara, oso eroso gaude, irakaslea ere neska da. Asko gustatzen zait joatea», dio Halimak. Murciaren esanetan, «igeriketarekin askoz ere hobeto» daude, «osasun fisiko aldetik, baita buru osasunaren aldetik ere». Igeriketak beste puntu garrantzitsu bat ere badu: «Herri honetakoak direla sentitzen dute. Arrazoi desberdinengatik joan ezin zitezkeen herriko baliabide batera joateko aukera dute orain».
‘Ahalduntze’ hitza ikasi dute. «Zer den ahalduntzea, zer den berdintasuna, nola dagoen emakumea hemen eta nola dagoen gure herrialdeetan…». Integraziorako oso tresna eraginkorra dela uste dute, herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzen dutelako. Adibidez, Jabekuntza Eskolako ikasturte amaierako festan edo munduko arrozen festan.













