HINEk bere lehen planta ireki du Polonian
Planta berriak 5.600 metro koadroko azalera du: horietatik 5.200 metro koadro ekoizpenerako izango dira eta 400 metro koadro bulego eta instalazio sozialen erabilerarako. Lantegia Peio Marcos Mardonesek zuzenduko du.
HINEk Poloniaren ireki duen lantegi berriaren irudia. HINE HINE Group-ek Polonian bere lehen planta inauguratu du, “Erdialdeko eta Ekialdeko Europan duen presentzia sendotuz”. Irekiera honekin, HINE Group-ek zazpi herrialdetan kokatutako bederatzi ekoizpen planta batuko ditu.
Planta berriak 5.600 metro koadroko azalera du: horietatik 5.200 metro koadro ekoizpenerako izango dira eta 400 metro koadro bulego eta instalazio sozialen erabilerarako, Fortress Logistics Park Stargard-en.
Lantegia Peio Marcos Mardonesek zuzenduko du, 38 urteko ingeniari bilbotarrak. “Nazioartean esperientzia zabala du, Brasil eta Indian egindako kanpo-zereginak kontutan hartuta”. Taldeko Prozesu Ingeniaritzako Zuzendaritza ere gidatua da.
Energia garbien aldeko planta
Fortress Logistics Park Stargard-en dago kokatuta planta, Szczecin-tik 30 km ingurura. Instalazio berri horrek (HINE Polska Sp. z o.o) “funtsezko eginkizuna” izango du taldearen hedapenean, batez ere Erdialdeko eta Ekialdeko Europan. Lantegi berria offshore haize-erroteetarako osagai hidraulikoen eta hozte-sistemen ekoizpenean zentratuko da, energia garbien aldeko joera globalarekin bat eginez. Era berean, lantegia zentro produktibo aniztasuneko gisa pentsatuta dago: lehen ekipoen fabrikazioa eta Service jarduerak —osagaiak, konponketak, mantentze-lanak eta prestakuntza— bateratuko ditu, HINEren estrategia indartuz sektore eolikoari hornitzaile integrala izateko”, adierazi du ohar bidez.
“Zerbitzurik onena eskaintzeko apustua egiten dugu, eta instalazio honek aukera ematen digu estrategikoki gure bezero nagusietako batengandik hurbil egoteko”
Lander Gibelalde. HINE Group-eko zuzendari nagusia
Epe luzerako alokairu kontratua A mailako logistika parkeen jabe den Fortress Real Estate Investments Limited enpresarekin sinatu du. Hasieran 20 pertsonako plantilla izango du. Stargardeko lantegi berria bereziki HINErentzat diseinatu da eta teknika eta ingurumen estandar handiekin bat dator: “Excellent mailako BREEAM New Construction ziurtagiria bermatuta du”.

HINEk Polonian eraiki duen plantaren egitura.HINE
Bederatzi zentro zazpi herrialdetan
Lantegi berri honekin, HINE-k dagoeneko bederatzi ekoizpen zentro ditu zazpi herrialdetan. Olaberrian du enpresa nagusia eta hori da taldearen sorburua. Espainian beste zentro bat du, Zaragozan. Gainontzekoak ondorengo herrialdeetan: AEB Amerikako Estatu Batuetan (2005etik); Txinan, Langfang-en ekoizpen zentro bat eta Shanghain bulegoak (2006); Brasilen, beste bi lantegi ditu, bat Indaiatuban (2010) eta bestea Parnamirim-en (2024); Mexikon (2021); Indian (2011); eta orain Polonian (2025).
“2028rako anbizio handiko helburua ezarri diogu geure buruari: 15 milioi euroko fakturazioa lortzea, gure bezero nagusien laguntzari esker”
Peio Marcos Mardones. Poloniako lantegiko gerentea
2000. urtean nazioartekotze-prozesua hasi zenetik, taldeak sektoreko zazpi enpresa erosi ditu, eta, gaur egun, 750 laguneko talde globala eta 200 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa du. “Irekiera berri hau HINE Group-en 2025-2028 Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da (PEGH 2025-2028). Plan horren helburua hazkunde errentagarriari eustea, energia berriztagarrietarako soluzio hidraulikoen merkatu globalaren buru izatea eta Services negozioaren garapena sustatzea, bai alde industrialean, bai sektore eolikoan da”.
Arduradunen adierazpenak
Lander Gibelalde HINE Group-eko zuzendari nagusiak honakoa nabarmendu du: “Gure funtsezko balioetako bat bezeroarenganako orientazioa da. Zerbitzurik onena eskaintzeko apustua egiten dugu, eta instalazio honek aukera ematen digu estrategikoki gure bezero nagusietako batengandik hurbil egoteko, modu arin, eraginkor eta pertsonalizatuan erantzuteko. Gure aurreikuspenen arabera, offshore segmentua izango da planaren hazkunde-eragile nagusietako bat”.
Peio Marcos Mardones Poloniako lantegiko gerenteak, bere aldetik, “erronka pertsonala” dela adierazi du: “2028rako anbizio handiko helburua ezarri diogu geure buruari: 15 milioi euroko fakturazioa lortzea, gure bezero nagusien laguntzari esker”.
Iñaki Gonzalez Martinek, azkenik, HINE Group-eko Global Chief Operations Officer-ek (COO), honakoa gehitu: “Polonian inbertitzen dugu, ez bakarrik gure bezeroekiko gertutasunagatik, baizik eta herrialdea eragile garrantzitsu gisa kokatzen delako trantsizio energetikoan, bereziki itsasoko energia eolikoaren garapenean. Gure erabakiek lehiakortasuna bilatzen dute beti, hori baita arrakastaren gakoa. Pozik gaude Polonian eta Europan haize-industria sendo eta dinamiko bat hazten laguntzeaz”.
HINE, bost hamarkadako ibilbidea duen enpresa
HINE Group 1974an sortu zen, eta 50 urte baino gehiagoko esperientzia du soluzio hidraulikoak diseinatzen, garatzen eta fabrikatzen. “Konpainiak kalitate handiko sistema hidraulikoak, osagaiak, tresneria eta hozte-soluzioak eskaintzen ditu, eta saldu osteko dibisio sendo bat finkatu du, zeinak ordezko piezak eta zerbitzuak ematen baititu bere produktuen errendimendu maximoa eta balio-bizitza bermatzeko”.
HINE-ren indarra “bere presentzia globalean eta talde multikultural eta anitz batean” datzala dio konpainiak. “Urteetan zehar, bere gaitasunak handitu ditu eta bere jarduera dibertsifikatu du gero eta lehiakorragoa den merkatuaren eskakizunei erantzuteko”. Euskal Herrian, Espainian, Estatu Batuetan, Brasilen, Indian, Txinan, Mexikon eta Polonian ekoizpen-zentroak ditu, eta gaitasun handiko ekipoak. “HINEk zerbitzu arina, fidagarria eta eraginkorra eskaintzen du, eta bezeroengandik hurbil egoten da, haien beharrei bizkor erantzuteko eta jarduerarik gabeko denborak minimizatzeko”.













