Indarkeria matxista arbuiatzeko lehiaketa abian
2025eko Sormen Lehiaketaren deialdi berria abian jarri du Lazkaoko Udalak. Azaroaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak; hausnarketa eta sentsibilizazioa bultzatu beharko dute.
Aurreko astean Lazkaoko plazan egin zuten lehiaketaren aurkezpena. Lazkaoko Udala Azaroaren 25a gerturatzen ari den honetan, Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, Lazkaoko Udalak indarkeria matxistaren inguruan hausnarketa sustatzea zein gizartearen sentsibilizazioa eta kontzientziazioa bultzatzea helburu duen Sormen Lehiaketaren deialdia jarri du abian. Emakumeen aurkako indarkeria, feminismoa, tratu onak edota elkarbizitza gai nagusitzat hartuta, parte hartzaileek book trailer bat aurkeztu beharko dute, hau da, trailer zinematografikoaren antzeko ikus-entzunezko formatu bat.
Gehienez bi minutu
Lazkaon erroldatuta dauden pertsonek parte hartu ahal izango dute, eta baita Lazkaoko Ikastolako zein Maizpide Barnetegiko ikasleek ere, banaka edo taldeka. Helduen kasuan, izen-ematea librea izango da, baina adingabeek heldu arduradun bat izan beharko dute euren tutoretzapean. Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du, eta azaroaren 28ra bitarte bidali beharko dira posta elektronikoz edota udaletxean bertan entregatuta, izen emate eskaerarekin eta NANaren fotokopiarekin batera. Lanak bideo formatuan aurkeztu beharko dira eta, gehienez, bi minutuko iraupena izan beharko dute.
Euskarazko testuak
Oinarrizko formatua book trailerra izango bada ere, beste adierazpen artistiko batzuk txertatu ahal izango direla jakinarazi dute: marrazkiak, dantza, antzerkia edo irakurketa. Lanetako testuek, baina, «euskaraz eta eduki iraingarririk gabekoak» izan behar dute.
Epaimahaia tokiko mugimendu feministako ordezkari batek, Berdintasun Batzordeko kide batek eta udaleko gizarte langile batek osatuko dute. Lehiaketak bi kategoria izango ditu: A kategoria 12 urtetik beherakoentzat eta B kategoria 12 urte edo gehiagokoentzat. Bi kategorietan bi sari banatuko dira; lehen saria 120 euroko bonua izango da eta bigarrena 80 eurokoa, eta biak Lazkaoko saltoki txikietan gastatu ahal izango dira 2026ko urtarrilaren 31ra arte.













