Argi Berriko sortzaileak omendu dituzte
1977an elkartu zen gazte talde bat elkartearen sorrera martxan jartzeko. Bizirik dauden hamabi kideei oroigarri bana eman diete.
Omenduak oroigarri banaketaren ondoren.Laida Goiburu Ordiziako Buztuntza auzoan dagoen Argi Berri elkartea sortu zuten kideak omendu dituzte, urteroko gaztaina janaren aurretik, elkartean bertan. 1977an elkartu zen gazte talde bat elkartea sortzeko, eta 1978an inauguratu zuten. Bizirik dauden sorrerako hamabi kideei oroigarri bana eman diete omenaldi gisa; Patxi Kalbillori Tolosari, Rufino Arriaga Arruabarrenari, Pedro Irastorza Arruabarrenari, Joxe Antonio Lariz Orbezabali, Jesus Mari Irastorza Garmendiari, Antonio Insausti Arratibeli, Joxe Mari Barandiaran Dorronsorori, Mikel Atorrasagasti Jauregiri, Txomin Garmendia Amundaraini, Ramon Arandia Urangari, Mikel Anjel Iurrita Apaolazari eta Patxi Tapiari.
Aitortzaren ondoren, sorrerako kideetako batek azaldu du sorrera nolakoa izan zen. Buztuntza auzoak 1975eko hamarkadan “sekulako eraberritua” izan zuela kontatu du, eta diktaduraren ostean “amets eta itxaropen berriekin” zetozela bertako gazteak. “Testuinguru horretan sortu zen elkartea”. Auzolanaren fruitua izan zen Argi Berri elkartea, eta hamarkadaz hamarkada hainbat ekimenen parte izan dira bertako kideak: “Lehenengo urratsak auzolanean egin ziren. Lanak gaindituta, elkartea berehala hasi zen beharra zutenei laguntza adierazten; guraso elkartekoekin urte zaharreko lasterketa antolatzen zen, Korrikak Goierrin egiten zituen kilometroetan ere laguntzen zen. Horrela, 1978rako antolatu zen lehen mus azkarra eta gero iritsi ziren beste ekintza batzuk: 1982an Goierriko Bertso Eskola, 1989an tonbola jartzeko baimena eskuratu eta jaietan jarri zen, 1992an Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa, 1998an Argi Berri saria Osinalderekin elkarlanean… Gaur gu bagaude ere, auzolan honetan jende ugarik parte hartu du, bazkideek, eta nola ez, bazkide izan gabe ere laguntzen aritu direnek ere. Orain ere, zer egin ez da falta, herrigintza dela, euskara dela… soka luzea da. Xabier Letek zioen bezala: itsasoan urak handi dire murgildu nahi dutenentzat. Bukatzeko, eskerrak eman dizkiete omenaldia antolatu dutenei ere. “Auzolanak elkartuko gaitu”, amaitu du.













