Eneko Goiburuk irabazi du Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko 26. Gazta Lehiaketa
Ketutako gazta goraipatu dute epaimahaikideek; hiru saridunek ketutako gaztak aurkeztu dituzte lehiaketara. Denera, zazpi txuri eta zazpi ketu izan dira. Bigarren eta hirugarren sariak Arabara joan dira: bigarren izan da Zabaleta, eta hirugarren Patxi Lopez de Uralde.
Saridunak epaimahaikideetako batzuekin eta ordezkari politikoekin.Laida Goiburu Ez behorrik, ez ahuntzik, ez ardirik, ez behirik…. aurten ez da ganadurik izan Zegaman San Martin ferian. Beste hainbat lekutan bezala, dermatosi nodular kutsakorraren aurka hartutako neurrien ondorioz Zegaman ere ez dute herriko ganaduaren erakusketarik ez lehiaketarik egin. Ezohiko azoka izan den arren, zer ikusi eta zer erosi izan dute herritarrek zein bisitariek. Eskolako patioan, plazan, kiosko ondoan, pilotalekuan… herriko zenbait tokitan banatuta, elikagai, artisautza, liburu edota edari postuak jarri dituzte hamarnaka ekoizlek. Gazte Herexak ere postua jarri du errifak saltzeko. Giro eguzkitsu eta haizetsuan ospatu dute eguna. Eguerdi partean inguratu da jende gehien feriara. Ganadurik gabe, protagonismo nagusia Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko 26. Gazta Lehiaketak izan du. Eta Goierrin bertan geratu da sari nagusia: Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk irabazi du lehen saria.
Epaimahaia Barbara Romeu La Seu D’Urgelleko kirol zinegotziak, Pere Vernet Sant Sadurni D’Anoiako alkateak, Maria Soledad Vicente eta Irene Arbizu Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariek, Jose Ramon Soroiz aktoreak eta Nerea Arruti herri kirolariak osatu dute. Hamalau gaztandegi/gaztagilek aurkeztu dituzte gaztak lehiaketara, Arabako zazpik eta Goierriko beste zazpik. Gainera, zazpik gazta ketuak aurkeztu dituzte, eta beste zazpik txuriak. Patxi Lopez de Uraldek (Larrea), Eneko Goiburuk (Segura), Aizpeak (Segura), Ander Barandiaranek (Idiazabal), Unai Lekuonak (Araia), Azkarrak (Galarreta) eta Zabaletak (Munain) ketutako gaztak aurkeztu dituzte, eta Aixtrak (Araia), SAT Olanok (Egino), La Lezek (Ilarduia), Garoak (Zerain), Xabier Azurmendik (Zegama), J.Aranburuk (Idiazabal) eta J.Etxezarreta Anaiek (Zerain) txuriak.
Ketua goraipatu dute epaimahaikideek; hiru sariak ketutako gaztentzat izan dira. Eneko Goibururen atzetik, bigarren eta hirugarren sariak Arabara joan dira: bigarren izan da Zabaleta, eta hirugarren Patxi Lopez de Uralde. Goiburu “pozik” agertu da sariarekin, eta adierazi du Aizkorpe bailaran “ohitura handia” dagoela gazta ketzekoa: “Aitonak eta birraitonak ia produkzio guztia ketzen zuten kontserbatzeko, eta ohiturak mantendu behar dira. Astia daukadanean gustatzen zait gazta ketu eta sariketetara gazta ketua aurkeztea”.













