23. Errezil Sagar Eguna ospatu dute Gabirian
Xabier Arratibel izan da Errezil sagar lehiaketako irabazlea; Nekane Agirre Sagar-goxo lehiaketakoa, eta Igor Altuna Ezti lehiaketakoa. Aurtengo berrikuntza moduan, sagar moten erakusketa ugaritu egin dute.
Hiru lehiaketetako irabazleak. Aurtengoa “ezurtea” izan bada ere, Gabiriak ez du hutsik egin eta 23. aldiz ospatu dute Errezil Sagar Eguna. Beste behin, herriko plazak hartu du errezil sagarraren uztarik onena, eta horrekin batera, hamabi postuz osatutako baserriko produktuen eta artisautzaren azoka ere antolatu dute.
Errezil Sagar lehiaketan sei parte hartzaile aritu dira aurten: Otsategiko Xabier Arratibel, Altzibarko Edorta Atin, Ameztiko Beñat Atin, Oñatibi Txikiko Jose Antonio Elosegi, Izar aldeko Gabino Murua eta Urkiolako Iñaki. Sari nagusia Xabier Arratibelek eskuratu du; bigarren postua Jose Antonio Elosegirentzat izan da, eta hirugarrena Gabino Muruarentzat.
Errezil sagarrekin batera, menbrillu edo sagar-goxo lehiaketa ere egin dute. Bi kide aritu dira aurten epaile: Goimeneko Manex Aranburu eta Anduaga jatetxeko Lina; ohiko epailea den Josema Azpeitiak ezin izan baitu bertaratu. Guztira bederatzi lagunek hartu dute parte: Nekane Agirrek, Gotzone Arrondok, Edurne Muruak, Amelia Jauregik, Amaia Larrañagak, Josu Aramendik, Maria Jesus Garciak eta Arantxa Bidegainek. Lehenengo aldiz, Balentzategi herri eskolako ikasleek ere aurkeztu dute menbrillua, hiruhileko proiektuan Sukaldaritza eta Baratzea landu ondoren. Epaimahaiaren ustez, Nekane Agirreren sagar-goxoa izan da onena.
Horiez gain, Goierri Beheko XXVII. Ezti Lehiaketa ere jokatu da eguerdian, Gipuzkoako Erlezain Elkartearen eskutik. Bederatzi erlezainek parte hartu dute, eta Lazkaoko Igor Altuna izan da garailea. Bigarren postua Gabiriako Juan Elgarrestarentzat izan da, eta hirugarrena Segurako Beñat Elorzarentzat. Epaimahaiak Jon Etxeberria, Bidatz Sasiain eta Marian Bidegain izan ditu kide.
Aurtengo berrikuntza moduan, sagar moten erakusketa ugaritu egin dute. Iazko mahaiko sagarren ondoan, sagardo-sagar motak jarri dituzte ikusgai, izendatuta. Denera, 50 bat sagar mota bildu dituzte, udara, kiwi, mizpira eta bestelako fruta barietate batzuekin osatuz erakusketa, 60 bat espezieraino.













