Javier Quiros izan da Ataungo XXI. argazki rally-ko irabazlea
Bigarren postuan Legazpiako Mikel Bravo gelditu da eta hirugarren Donostiako Patxi Irazabal. Gaztetxoen mailan, Zizur Nagusiko Nahikari Barros izan da irabazlea.
21. Argazki Rally edizioko irabazleak. Ataungo XXI. argazki rallyaren sari banaketa egin dute eguerdian, eta lehenengo bi postuak bi goierritarrentzako izan dira. Lehenengo saria Beasaingo Javier Quirosentzako izan da: 300 euro eta oroigarria. Bigarren postuan, berriz, Legazpiako Mikel Bravo gelditu da; 150 euro eta oroigarria eman dizkiote. Hirugarren saria, Donostiako Patxi Irazabalentzako izan da, 90 euro eta oroigarria.
Kategoria nagusiaz gain, 16 urtez azpiko gaztetxoena, eta herritarren kategoria ere egin dituzte. Karmele Begiristain izan da sari nagusia eskuratu duen lehen ataundarra, eta 90 euro eta oroigarria eman dizkiote. Bestalde, gaztetxoen mailan, Zizur Nagusiko Nahikari Barros izan da lehenengo saria eskuratu duena. Honi, oroigarria eta Gerriko liburudendan gastatzeko 20 euroko bonoa eman dizkiote.
Aurtengo edizioan 45 argazkilariren lanak jaso dira, horietatik zazpi ataundarrenak. Helduen mailan 28 gizonezkok eta 17 emakumezkok parte hartu dute; eta gazteen mailan, sei gaztetxok . Sari banaketaren aurretik, lehiaketan parte hartu duten argazkien proiekzioa egin dute Ataungo Herri Antzokian.













