Olamendi eskolaren aldeko azoka egin dute
Aurtengo berrikuntza moduan, postu berriak jarri dituzte: hennaren postua eta tea eta pasten txokoa, besteak beste.
Olamendi eskola komunitateak antolatuta, azoka berezia egin dute Legazpin. 11:00etan ireki ditu ateak azokak, eta ekintza ugari egiteko aukera izan da. Ohiko moduan, denetariko postuak jarri dituzte: saskigintza, egur taila, taloak, gaztaina erreak, barazkien erakusketa eta baita eskulanena ere, besteak beste. Horiez gain, gazta nola egiten den ikasteko txokoa jarri dute, eta azokako ikur bilakatu den Txu-Txu Astoa ere ibili da goiz osoan zehar, haurrei plazatik bidaia bereziak eskainiz.
Ohiko ekintzez gain, aurtengo berrikuntza moduan, postu berriak jarri dituzte: hennaren postua eta tea eta pasten txokoa, besteak beste. Herritar asko hurbildu da azokako postu eta ekintzez gozatzeko asmoz.













