1.279 euro bildu dira Beasainen minbiziaren aurkako diru bilketan
Lortutako baliabideei esker, elkarteak eskaintzen dituen zerbitzu guztiek doakoak izaten jarraituko dute, eta prebentzio zein detekzio goiztiarreko kanpainak sendotzen dira.
Pasa den azaroaren 8an, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak urteko diru-bilketa solidarioa egin zuen Beasainen, eta herritarren eskuzabaltasunari esker 1.279,89 euro bildu zituzten. Elkarteak beasaindarren parte-hartzea eta elkartasuna eskertu nahi ditu, «minbizia duten pertsonak eta haien senideak babesteko ezinbesteko ekarpena» egin dutelako.
Diru-bilketaren helburua da minbizia duten pertsonen zaintza hobetzea, ikerketa onkologikoa finantzatzea eta pazienteentzako laguntza programak –psikologikoak eta soziala– mantentzea. Lortutako baliabideei esker, elkarteak eskaintzen dituen zerbitzu guztiek doakoak izaten jarraituko dute, eta prebentzio zein detekzio goiztiarreko kanpainak sendotzen dira.
Ekimen solidarioan boluntario ugarik parte hartu zuten, Beasaingo kaleetan zehar kokatutako mahaietan. Kanpainak, dirua biltzeaz gain, herritarren artean elkartearen lana ezagutarazteko aukera ere eman zuen, eta urte osoan egiten duten jarduna ikusarazi zuen.
Elkarteak gogorarazi du dohaintza egin nahi duten herritarrek oraindik badutela aukera internet bidez egiteko, mihucha.contraelcancer.es kanpainaren bidez.













