Beasainen hasiko da Binakako Txapelketa, azaroaren 21ean
Txapelketan hiru ataundarrak ariko dira lehian: Albisu A Seriean, eta Zubizarreta eta Senar B Seriean. Albisuk Lasorekin osatuko du bikotea, Iraitz Zubizarretak Arangurenekin jokatuko du, eta Beñat Senarrek Gorka Ugartemendiarekin.
Ezkurdia-Rezusta eta Elordi-Zabaleta iaz Beasainen, binakako txapelketako partidaren aukeraketan.Ariane Vierbücher Aurkeztu dituzte Binakako Txapelketako bikoteak. Beasainen hasiko da txapelketa ostiralean, azaroaren 21ean. 20:45ean hasiko da jaialdia, eta bi partida jokatuko dira: A seriean, Elordi-Zabaleta Zabala-Martijaren aurka; B seriean Peña II.a-Salaberria II.a Senar eta Ugartemendiaren aurka.
Txapelketan hiru goierritar ariko dira, hiru ataundar pilotari profesionalak, alegia, bi mailatan: A Seriean Jon Ander Albisuk Unai Lasorekin osatuko du bikotea, eta B Seriean Beñat Senarrek Gorka Ugartemendiarekin eta Iraitz Zubizarretak Arangurenekin. Hirurak Baikoko pilotariak dira.
A Seriekoa zein B Seriekoa hasiko dira Beasainen ostiralean. Lehen Mailan, lehen ligaxka azaroaren 21etik otsailaren 15era izango da. Hamalau jardunaldi jokatuko dituzte eta lehen bi sailkatuak finalerdietara pasatuko dira. Abenduaren 13an Urretxun izango da jaialdia, Santa Lutzi egunean.
Otsailaren 19an eta 20an ligaxkako hirugarren sailkatuak laugarrenaren kontra jokatuko du, eta bosgarrenak seigarrenaren kontra. Hirugarren eta laugarrenaren artekoa irabazten duenak finalerdietako ligaxka jokatuko du. Galtzen duenak, aldiz, bosgarren eta seigarrenaren artekoaren irabazlearen aurka jokatuko du, eta irabazten duena finalerdietara sartuko da. Finalerdietako ligaxka hori otsailaren 28tik martxoaren 15era izango da. Hiru jardunaldi jokatu ondoren, lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute, martxoaren 29an Iruñean, Nafarroa Arenan.
B Serieko finala, aldiz, martxoaren 21ean izango da, oraindik ez dute zehaztu non.

Zubizarreta, Senar eta Albisu, Ataungo hiru pilotari profesionalak.Hitza













