Bizitzak salbatzeko beste bi ikastaro antolatu dira
Bihotz-birikak suspertzeko ikastaroen saio berriak azaroaren 24an eta 28an dira.
Beasaingo Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei bihotz-biriketako suspertze (BBS) eta desfibriladoreen erabilerari buruzko prestakuntza-ikastaroek izan duten harrera bikainagatik. Hasierako saioetako plazak berehala bete ziren, eta horrek agerian utzi du beasaindarren artean gai honen inguruko sentsibilizazio maila handia, bai eta ezagutza horien garrantziaz dagoen kontzientzia ere: prestakuntza hauek, azken finean, bizitzak salbatzeko modukoak dira.
Herritarren erantzun ona ikusita, Udalak bi ikastaro gehigarri antolatu ditu, azaroaren 24an eta 28an, 17:30etik 20:30era, udaleko osoko bilkuren aretoan. Saio bakoitzean gehienez 15 pertsonak parte hartu ahal izango dute, eta izen-emateak aurreko ikastaroetan bezala egingo dira, dagokien online galdetegien bidez.
Prestakuntza horien helburua ez da soilik tresna baten erabilera teknikoa irakastea: besteak beste, herritarren konfiantza, erantzukizun soziala eta elkartasuna indartzea da, larrialdi egoeretan lasaitasuna eta segurtasuna eskaintzen dituzten gaitasunak barneratuz. Ikastaroen bidez, «Beasaingo komunitatea gero eta prestatuago dago egoera kritikoetan modu eraginkorrean erantzuteko» esan du Udalak. «Osasun-larrialdietan laguntzeko borondateagatik eta erakutsitako inplikazioagatik», eta gogorarazi du prestakuntza horiek etorkizunean ere eskainiko direla herritarren segurtasuna indartzen jarraitzeko.













