Eskola handiagoa, eta plaza bat gehiago
Itsasondoko Urkipe eskola zaharra eraitsi eta berria eraikitzen hasi da Hezkuntza Saila. Goiko Kaleko goiko kotan plaza bat sortuko da.
Itsasondoko Urkipe eskola berriak izango duen itxura. Hitza Hamarkada beteko lanaren eta borrokaren ondoren, hasi ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Itsasondoko Urkipe eskola berria egiteko lanak. Irailean hasi ziren eskola zaharra eraisten eta 15 hilabetean amaituta egotea aurreikusten dute. Urkipe berriaren lanek 3.887.976,63 euroko aurrekontua dute. Asier Atxurra eta Unai Zelaieta arkitektoek idatzi dute proiektua eta Jaizubia eta Ekolan enpresek gauzatuko dute. Eraikin zaharra eraitsita, «hondakinak kudeatu eta erretiratu ostean» lur mugimenduak egingo dira egunotan.
Handiagoa
Eskola berriak 1.246 m²tako azalera eraikia izango du. Mikel Ormazabal Itsasondoko arkitektoaren esanetan, aurreko eskola baino «nabarmen handiagoa» izango da, «besteak beste, jantokia eta sukaldea izango baititu bertan». Bestalde, bi solairu izango ditu, eta jolasgune zabal bat. «Eraikinaren estalkiak plaza zabal bat sortuko du Goiko Kalen. Espazio hori irekia izango da, eta jolasgunearekiko eta herriarekiko begiraleku bezala funtzionatuko du. Jolasgunea gaur egungo eskolako beheko eraikina zegoen kotan kokatuko da».
Plaza berria
Eskola berriaren lanak amaitutakoan, «Goiko Kaleko goiko kotan plaza bat sortuko» dela argitu du Ormazabalek. «Eskolako igogailuak erabilera publikoa izango du baita ere, +155 eta +160 kotak lotuaz».
Era berean, Itsasondoko Udala eskolaren partzela ondoan urbanizazio lanak egiten ari dela jakinarazi du udal arkitektoak, «J.I.3 Etxeberri-Senpertegi hirigintza eremuan, eskola berriaren jolasgunera sarrera bermatzeko». Aurten lan horien lehen fasea egingo da, eta 2026an bigarren fasea egitea aurreikusten da.
Urbanizazio lanen lehen fasea Tesinsa enpresa egiten ari da. Lan horien kostua 312.565,64 eurokoa izatea aurreikusten da.

Lanak egiten ari diren eremua.Loinaz Agirre













