‘Ez zikintzea guztion ardura’ kanpaina abiatu du Beasaingo Udalak
Gazteen artean garbitasun ohiturak sustatzea da helburua. Ikasleekin kale garbiketa eta birziklatze saioak egingo dituzte. Beasain garbi baten alde, ardura partekatu nahi du udalak.
Herriko ikasleak garbiketako langileen lana ezagutzen Beasaingo Udalak gazteen artean ohitura onak, ingurumenarekiko errespetua eta herri garbi baten balioa sustatzeko helburuarekin sentsibilizazio kanpaina berri bat abiatu zuen atzo, azaroaren 27ra arte iraungo duena. Ekimenak Ez zikintzea guztion ardura du goiburua, eta udalerriko garbiketa eta mantenu zerbitzuen garrantzia ezagutarazi nahi die ikasleei.
Kanpaina honetan Beasaingo lau ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute: Alkartasuna lizeokoek, Murumendi eskolakoek, Andramendi ikastolakoek eta La Salle ikastetxekoek. Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleak izango dira protagonistak –Murumendin seigarren mailakoak–, eta ordubeteko jarduera praktiko eta hezitzaileak egingo dituzte goizero.
Saioak herriko hainbat gunetan egingo dira; Gernika pasealekuko frontoian, Iturralde parkean eta Ezkierdi haur parkean. Euria egiten badu, plazapean edo Ezkierdi pilotalekuan egingo dute. Ikasleei eskularruak, txalekoak eta tresna txikiak banatuko dizkiete, eta beraien auzoetako hondakinak jasotzeko ariketa praktikoa egingo dute. Ondoren, zigarrokinak, txikleak, txakur kakak eta bestelako hondakinek ingurumenean eta udal garbiketa zerbitzuaren lan kargan duten eragina aztertuko dute.
Jardueraren bigarren zatian, ikasleek birziklatze ohiturak landuko dituzte: zein hondakin zein edukiontzitan bota, zer egiten den gaizki eta nola hobetu. Amaitzeko, kale garbiketa zerbitzuaren makinak eta ibilgailuak ezagutuko dituzte, eta haize makina elektrikoak probatzeko aukera izango dute.
Beasaingo Udalaren helburua argia da: «Beasain garbi mantentzeko ardura partekatua sustatzea eta gazteengan balio eta ohitura sendoak txertatzea». Egitasmoak, gainera, eragin zabalagoa bilatzen du, ikasleen bidez gurasoengana eta herritarrengana iritsiz. Kanpainaren amaieran, urteko txostena egingo da, parte hartzea, ikasitakoa eta hobekuntza proposamenak jasoz, etorkizuneko edizioak hobetzen jarraitzeko nahiarekin.













