Gari Garmendia Harri Handien Gipuzkoako txapeldun
Euskal Herriko Harri Handien txapelketan du hurrengo hitzordu nagusia.
Garmendia —ezkerretik hasita hirugarrena—, larunbatean Zizurkilen. ATARIA Gari Garmendia harri jasotzaile idiazabaldarrak Gipuzkoako Harri Handien txapelketa irabazi du asteburuan. Zizurkilgo pilotalekuan jokatu zen norgehiagoka larunbat arratsaldean eta hiru harri jasotzaile aritu ziren lehian, Garmendia, Jokin Eizmendi eta Aimar Galarraga.
Harri handien txapelketa lau harri ezberdinekin jokatzen da eta 2 minutuko epean harri bakoitzarekin ahalik eta altxaldi gehien egitea zen helburua. Guztira, kilo gehien jasotzen duenak irabazten du. Garmendiak jaso beharreko harriak zerrendatu ditu: «200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa eta kopa aukeran, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola». Idiazabaldarrak 5.850 kilo jaso zituen guztira, Eizmendik egin zuen bigarren, 5.325 kilorekin eta urruti geratu zen hirugarren postuan Galarraga 2.350 kilorekin.
Eizmendi garaituta
Eizmendi izan da azken urteetan txapelketa honetako irabazlea eta Garmendiak aitortu duenez, «urduri» joan zen norgehiagokara. Txapelketa hasita lasaitu zela dio, «nahikoa ondo atera baitzen etxetik eraman genuen estrategia», dio. «Banekien lehenengo eta hirugarren harrian Jokin ni baino gehiago izan zitekeela, eta bigarren eta laugarren harriarekin ni hobeto ibiliko nintzela. Estrategia lehenengo eta hirugarren harrietan berari eustea zen eta gainontzekoetan altxaldi gehiago egitea», kontatu du.
«Estrategia lehenengo eta hirugarren harrietan Eizmendiri eustea zen eta gainontzekoetan altxaldi gehiago egitea»
Gari Garmendia. Harri-jasotzailea
Txapelketa honetan «oso ondo» aritu dela dio, «iaztik hona 900 kilotan hobetu dut nire marka, hori kristoneko saltoa da», esan du. Larunbatean ez zuen ordea, dena aldeko izan, «hiru harri jasotzaile soilik egonda, altxaldi bakoitzetik bestera deskantsatzeko genuen tartea murritza zen. Errekuperatzeko tarte gutxi izan genuen harritik harrira; bestela marka hobea izan zitekeela uste dut, baina oso gustura nago hala ere lortutakoarekin», dio.
Harri handi hauekin du jarrita hurrengo hitzordu nagusia ere, San Tomas egunean, Asteasun (Gipuzkoa) jokatu den Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan, hain zuzen. «Gipuzkoakoaren berdina da, baina bi minutu beharrean, hiru minututako lana egin behar da harri bakoitzarekin», esan du. Baina tartean, baditu beste hainbat erakustaldi ere, «asteburu honetan Zarautzen (Gipuzkoa) hasita, Kirol Herri txapelketako kanporaketak ditut. Hurrengoa, abenduaren 8an Alegian (Gipuzkoa) izango da», amaitu du.



















