Irizar e-mobilityk 80 autobus %100 elektriko hornituko ditu Poloniako hainbat hiritarako
Irizar e-mobilityk autobus elektrikoak hornitzeko kontratu gehiago sinatu ditu Polonian, eta herrialde hartan duen presentzia indartuko du.
Irizarren ie autobus modeloa. Irizar Irizar e-mobilityk autobus elektrikoak hornitzeko kontratuak sinatu berri ditu Poloniako garraio publikoko hainbat operadorerekin. Kasu guztietan, Irizar ie bus modeloa izan da aukeratutakoa.
Duela aste batzuk, Irizar e-mobilityk 10 metroko luzera duten 10 autobus hornitzeko kontratua sinatu zuen MZA Varsovia operadorearekin. Ibilgailu horiek 2026. urte amaieran entregatuko ditu, eta Poloniako hiriburuko kaleetan zehar ibiliko dira. Berrikuntza gisa, ibilgailu berriek 1 kW-tik gorako panel fotovoltaikoak izango dituzte. Kontratuak, gainera, eskaera 10 unitate gehigarrirekin handitzeko aukera ere jasotzen du.
Bestalde, MPK Cracoviak Irizar e-mobilityren autobus elektrikoen aldeko apustua egin du berriz ere, eta 22 autobus berri egiteko bigarren kontratua itxi du. Unitate berri horiek datorren urtearen erdialdean martxan jartzea aurreikusita dago. Hiriaren erdigunean zehar ibiliko dira. Era horretan, MPK Cracoviak Irizar e-mobilityren 26 autobus elektriko izango ditu bere flotan, unitate berri horiek 2023. urtetik hirian dabiltzan 4 Irizar ie bus autobusei gehituko baitzaizkie.
Bielsko-Białako Udal Garraio Agintaritzak ere Irizar e-mobilityren 12 autobus berri izango ditu. Lehen entregak 2026ko lehen seihilekorako daude aurreikusita.
Era berean, GZM Katowice poloniar operadoreak bere flota modernizatzea erabaki du, 31 autobus elektrikorekin: horietatik 16, 18 metroko artikulatuak, eta gainerako 15ak, 12 metrokoak. Ibilgailu berri horiek hainbat hiritan ibiliko dira: Sosnowiec, Swierlaniec, Katowice eta Gliwice, besteak beste.
Azkenik, MPK Nowy Sącz-ek Irizar e-mobilityren 5 autobus elektriko gehituko dizkio bere hiri garraio sareari. Nowy Sącz hirian ibiliko dira, eta aurreikuspenen arabera, 2026ko lehen hiruhilekoan entregatuko dira.













