Mattin Iñiguezek irabazi du 2025eko Euskadiko XCONTEST parapente txapelketa
Igandean izan zen sari banaketa, Orion, Euskal Aire Kirol Federazioak antolatuta, aurtengo parapente denboraldiari amaiera emanez.
Mattin Iñiguez txapelarekin.EAKF Mattin Iñiguezek (Zegama, 1985) irabazi du Euskal Aire Kirol Federazioak antolatutako 2025eko Euskadiko XCONTEST parapente txapelketa. Federazioak jakitera eman duenez, azaroko hego haizearen denboraldiari amaiera emateko egin zuten igandean jardunaldia, eta 2025eko denboraldiko sariak banatu zituzten. Hala, zegamarra izan da Euskadiko parapentelaririk onena 2025ean. Urte osoan egindako hegaldiak hartu dituzte kontuan sariak ematerako orduan.
Ehun bat parte hartzaile izan ditu txapelketak. Partaide bakoitzaren sei hegaldi luzeenak saritzen dituzte; gutxenez sei horietatik lauk Gipuzkoatik, Bizkaiatik, Arabatik eta Nafarroatik abiatutakoak izan behar dute, bakoitzetik bana, eta beste biak Hego Euskal Herriko edozein lurraldetatik.
Iñiguezen atzetik Iñigo Gabiria elorriotarra eta Aner Etxezabal azkoitiarra sailkatu dira, hurrenez hurren. Hiruren artean 700 ordutik gora batzen dituzte 2025ean; erdiak, soilik Iñiguezek eginak dira.













