Abiadura kontrolatzeko kanpaina berezia jarri du martxan udalak
Radarrak jarriko dituzte zenbait puntutan azaroaren amaierara arte. Gehieneko abiadura orduko 30 kilometrokoa da herri barruan. Oinezkoak lehenestea da udalaren kanpainaren helburua.
Beasaingo Oriamendi kalea.Ariane Vierbücher Abiadura kontrol berezia egingo du azaroaren azken aste honetan Beasaingo Udaltzaingoak, gidariek ezarritako abiadura mugak betetzen dituzten egiaztatzeko, kaleak seguruago eta atseginago bihurtzeko helburuarekin.
Beasain aspaldidanik dago definituta ‘30 hiria’ gisa. Hala ere, kontzientziazioa eta prebentzioa ezinbestekoak direla iritzita jarri dute martxan honako kanpaina hau. Udalak eman duen informazioaren arabera, egunean zehar, abiadura kontrolatzeko gailuak jarriko dituzte zenbait puntutan, ohikoak diren abiadura neurri egokien aldeko mezua indartzeko. Udalak gogorarazi du udalerrian gehieneko abiadura orokorra orduko 30 kilometrokoa dela, eta plataforma bakarreko guneetan, hau da, galtzada eta espaloia maila berean dauden eremuetan, muga txikiagoa dela, orduko 20 kilometrokoa. Araua urratzen duten gidariei dagokien zehapena ezarriko zaie.
Segurtasuna
Beasaingo Udalak nabarmendu du kanpainaren funtsa ez dela isunak jartzea, herritarren segurtasuna lehenestea baizik. «Helburua da motordun ibilgailuek izan duten protagonismoa oinezkoen, bizikleten eta mugikortasun pertsonaleko gailuen eskubideekin orekatzea», adierazi dute.
Udalerri barruan egunero mugitzen diren adineko pertsona, haur, langile eta ikasle askoren fluxua kontuan hartuta, udalak uste du abiadura egokitzea dela kalitatezko udalerri baten oinarrizko baldintza, istripu arriskua nabarmen jaisten delako.
Oinezkoen erritmoan
Azken urteetan, hainbat espazio errotik eraldatu ditu udalak. Jose Migel Iturriotz kalea, Kale Nagusia, Nafarroa Etorbidea, Erauskin Plaza eta berriki San Inazio-Esteban Lasa ardatza oinezkoentzako lehentasunezko gune bihurtu dira.
Aldaketa horiek ez dute soilik kalea «atseginago» egiten; mugikortasun eredua bera birpentsatzen ari da Beasain. Segurtasunaz gain, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa gutxitzea lortzen da, eta horrek herritarren eguneroko ongizatean eragin zuzena du. «Helburua da hiri jasangarriago, irisgarriago eta gizatiarrago bat eraikitzea», azaldu dute udaleko iturriek.
Azaroaren amaiera honetan egingo diren abiadura kontrolak, beraz, ez dira neurri isolatu bat. Udalerriko mugikortasun ereduaren eraldaketa sakonago baten barruan kokatu dute, segurtasuna zein elkarbizitza hobetzeko helburuarekin.













