Ataun San Martingo herriguneko errepidea hobetzeko lanak hasiko ditu aldundiak aste honetan
Galtzada berritu eta margotuko dute, "segurtasuna eta ikuspena areagotzeko". 156.636 euroko inbertsioa aurreikusi du aldundiak.
Plazaren hasiera paretik Kutxabankeko arteko zatia da berrituko dutena.Iñaki Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiak Ataungo San Martin herriguneko errepidean hobekuntzak egingo dituela iragarri du. Azaroaren amaieran hasiko dituzte lanak, aste honetan. Galtzada berritu eta margotuko dute, aldundiaren hitzetan, “segurtasuna eta ikuspena areagotzeko”. Aldundiaren tokiko ekintza planaren barruan jasotzen da esku-hartze hori, “herriguneetatik igarotzen diren errepide eta zeharbideetan elkarbizitzarako soluzioak eskaintzeko”. Plazaren hasieratik Kutxabank pareraino egingo dituzte berrikuntza lanak.
Zorua hobetzeko lanak eta lurrean margotutako koloreak eta formak uztartuko dituzte gidarien arreta piztu eta gidaritza ingurunera egokitu dezaten. “Horrela, ikuspen handiagoa eman nahi zaio oinezkoen joan-etorriari, eta tarte hori espazio seguruagoa eta ingurunean integratuagoa bihurtu nahi da”.
Galtzada fresatuko dute aurrena, eta 5 zentimetroko asfaltozko geruza berri bat zabalduko dute. Ondoren, zeharbideko bi sarreretan herensuge hortz izeneko irudi triangeluarrak margotuko dituzte, abiadura moteltzeko eskatuko dutenak. “Tarte horretan oinezkoen lau pasabide berri margotuko dira, eta odu bisualean indartuko dira kolore biziko irudi geometrikoekin, oinezkoen presentzia handiko eremu batetik autoz goazela gogorarazteko”.
Abenduan amaitzea aurreikusten dute. Halere, pintaketen azken fasea udaberrira atzeratu litekeela azpimarratu dute, “pintura mota horrek baldintza meteorologiko egokiak behar baititu aplikatzeko”.
156.636 euroko inbertsioa aurreikusi du aldundiak.













