Bihar egingo diote azken agurra Jose Luis Uribetxeberriari, Gabirian
Atsekabea sortu du artzain gabiriarraren heriotzak. Larunbatean aurkitu zuten hilik Artzanburu inguruan.
Jose Luis Etxeberria 'Txantxangorri' artzaina, Urbian. Pello Agirrezabal Jose Luis Uribetxeberria Txantxangorri 77 urteko artzain gabiriarra hilik agertu zen larunbatean, Artzanburu inguruan. Bihar 17:30ean egingo diote azken agurra, Gabirian.
Uribetxeberria ostegunean desagertu zen. 20:00ak baino minutu batzuk lehenago, familiak abisua eman zuen artzainaren berririk ez zuelako. Antza denez, artzainak Urbiako zelaietatik jaitsi behar zuen Kataberako meategietatik Brinkolara. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko ataleko agenteek berehala ekin zioten bilaketa lanei. Ertzaintzak jakinarazi zuenez, mendiko espezialistek parte hartu zuten inguruko elur-baldintzek bilaketa zailtzen zutelako.
Ertzaintzako mendi-agenteak ostegun gauean bertan artzaina bilatzen saiatu ziren, «artzainak erabili ohi duen borda batean, bai eta inguruko hainbat bordatan ere, Urbian bertan», baina ez zuten aurkitu. Elur-ekaitzak eta elurrak eten egin zuten bilaketa ostiral goizera arte. Mendiko espezialistek, Oriako Ertzain-etxearen landa-patruila baten laguntzarekin, berriro ekin zioten bilaketari, Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko teknikari batek koordinatuta.
Ostiralean bertan, helikopteroaren laguntzarekin, airetik, artaldea eta txakurra aurkitu bazituzten ere, ez zuten 77 urteko gabiriarraren aztarnarik aurkitu.
«Berezia eta egoskorra zen. Urbiatik lehenago alde egiteko esaten genion beti, baina han egotea gustatzen zitzaion. Aurten arrazoi gehiagorekin gelditu da, behean ez baitzegoen jatekorik»
Eli Arrillaga. Artzaina
Larunbatean, eguna argitzearekin batera, berriro bilaketa martxan jarri zuten. 11:00ak aldera aurkitu zuten, ostiralean txakurra ikusi zuten tokitik gertu, Artzanburu inguruan. Albisteak atsekabea sortu du Goierrin, Uribetxeberria oso ezaguna baitzen.
Gabiriako artzaina hobeto ezagutzen zutenen artean Olaberriko Aizpea gaztandegiko Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillaga daude. Izan ere, beraien txabola Uribetxeberriarenaren ondoan dago. Oso ondo ezagutzen zuten eta elkarri laguntzen zioten. Arrillaga penatuta ageri da. «30 urte daramatzat Urbian eta urte hauetan guztietan egunero egon naiz berarekin. Nire senarra bertan jaio zela esan daiteke eta betidanik ezagutzen zuen».
Artzain gutxi
Azkenaldian Uribetxeberria bakarrik sentitzen zela gehitu du. «Izan ere, geroz eta artzain gutxiagok egiten dugu bertan bizitza. Hala, tertuliarako aukera gutxi zuen. Urbiako fondan ere gauzak asko aldatu ziren. Egunero Urbiako fondara joaten zen kafesnea hartzera eta han ere beti ezagunen bat aurkitzen zuen. Kontu guztien berri izaten zuen. Baina azken urteetan fondara joaten zirenen profila aldatu egin zen eta ez zuen ezagunik aurkitzen. Atsekabetuta itzultzen zen».
Pertsona berezia zen. «Berezia eta egoskorra zen. Urbiatik lehenago alde egiteko esaten genion beti, baina han egotea gustatzen zitzaion. Aurten arrazoi gehiagorekin gelditu da, behean ez baitzegoen jatekorik. Bere heriotza pena izan da, baina berak heriotza hori aukeratuko luke. Zahartzaroari beldur handia zion eta ez zen adinekoen egoitza batean egotekoa. Bere falta sentituko dugu», amaitu du.













