Herriko merkataritza sustatzeko bonuak, bihartik salgai
Bigarrenez antolatu dute herriko merkataritza sustatzeko kanpaina. Kanpaina etzi hasiko da eta urtarrilaren 4ra arte iraungo du.
Idiazabalgo Udaleko eta herriko komertzioetako ordezkariak atzo, Idiazabalgo udaletxean egin zen aurkezpen ekitaldian.Idiazabalgo Udala Herriko merkataritza eta zerbitzu sektorea suspertzeko helburuarekin, erosketa bonuen kanpaina jarri zuen martxan, iaz, lehenengo aldiz, Idiazabalgo Udalak. Esperientzia «oso ona» izan zen eta bai udalak, nola kanpainan parte hartu zuten merkatariek «balorazio ona» egin zuten. Izandako arrakasta ikusita, aurten berriz antolatzea erabaki dute eta bihartik aurrera egongo da bonuak erosteko aukera udaletxean. Iaz bezala, 500 bonu jarriko dituzte salgai eta 20 euro ordainduta, 40 euroko balioa duten bonuak eskuratu ahal izango dira.
Guzta kafetegiko Aizpea Olanok Izalbizia Idiazabalgo merkatarien izenean hitz egin du GOIERRIKO HITZArentzat. Udalak iaz abian jarritako kanpaina «oso positibotzat» jo du: «Herriko dendetan erosi eta dirua bertan gastatzera bultzatzen duelako», dio. Bere esperientzia pertsonalean iazko kanpainari esker bezero berriak ere irabazi dituela kontatu du, «kanpainari esker, normalean kafetegira etortzen ez zen jendea etorri zen iaz Gabonetako erosketak egiteko aitzakian. Urtea pasa da eta bezero bihurtu dira, batzuk ogia erostera etortzen dira egunero; beste batzuk tarteka kafe bat hartzera».
Herriko beste komertzio batzuetan ere iritzi berekoak dira Olanoren hitzetan, «gehienak errepikatu dugu aurten», dio horren adierazgarri.
Urtarrilaren 4ra arte
Bonuak 5 euroko 8 txarteletan frakzionatuta banatuko dira, eta frakzio edo txartel bakoitza ezin izango da zatitu. Erosketa bakoitzean gutxienez horietako frakzio oso bat—5 euro— erabili beharko da. Bonuak ezin izango dira dirutan trukatu, eta ez da eskudirurik itzuliko. Herritar bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez -NAN txartela aurkeztu beharko du- eta ezin izango du beste norbaiten izenean erosi. Bonuak bihar arratsaldean jarriko dituzte salgai, 16:00etan, udaletxeko areto nagusian.
Kanpaina etzi hasiko da, eta 2026ko urtarrilaren 4ra arte iraungo du. Erositako bonuak epe horretan gastatu beharko dira. Izalbizia merkatari elkarteak ere bat egin du ekimenarekin, eta herriko 11 komertziok, dendak eta tabernak tartean, parte hartuko dute aurtengo kanpainan: Arantxa mertzeria, Aurora farmazia, Axari janari denda, Barberia, Guzta okindegia, Izpar goxoki denda, Klik estankoa, Mariaje okindegia, Periko Arraindegia, Unanue fisioterapia zentroa eta Xume jatetxeak.
Idiazabalen herriko merkataritza eta zerbitzuak mantentzeko garrantzia ere azpimarratu du Olanok. Negozioetan dagoen errelebo falta ere nabarmendu du, «hemendik bizpahiru urte barru arrandegikoei eta taberna pare batekoei erretiroa hartzeko ordua iritsiko zaie eta herrian kezka handia dago zer gertatuko den», amaitu du.













