III. Mariren Kobak traila Nafarroatik abiatuko da
Bakedano herria izango du abiapuntu, baina ibilbidea eta helmuga zein izango diren ez da jakingo azken momentura arte. Aurreko bi edizioak Zegaman bukatu dira.
Angel Garcia espainiarra Zegamako helmugan, iaz.Antton Guaresti Helburutzat Mari jainkosaren kobak lotzea duen lasterketaren 20 partaideak azaroaren 29an abiatuko dira Nafarroako Bakedano herritik. Eguzkia irtetearekin batera abiatuko dira korrikalariak eta antolakuntzak emandako mapei esker hainbat koba lotu eta helmugara iritsi beharko dute: zazpi ordutan gizonezkoek eta zortzi ordutan emakumezkoek.
Mariren Kobak Trail abentura bat da, eta orientazioa eta planifikazioak pisu handia dute. Partaideek aurrez jakingo duten gauza bakarra da irteera Nafarroako Bakedano herrian izango dela, eta 8:00etan joko dutela deiadar soinua. Ibilbidea ezezaguna izango da azken momentura arte. Ordu laurden bat lehenago antolakuntzak mapa bana emango die partaideei. Mapa horretan gutxi gorabeherako ibilbide bat azalduko da eta pasa beharreko koba guztiak markatuta izango ditu. Behin irteera emandakoan parte hartzaileen mugikorrak zigilatu egingo dituzte antolatzaileek, eta bakoitzak nahi duen ibilbidea egin dezake, beti ere koba horietatik pasa eta bertan egongo diren egiaztagiri harriak hartuz gero.
Mitologiaren antzinako legeak errespetatuz
Jakina denez, Euskal Herrian ezin da edonola sartu Mariren kobazuloetan eta abentura honetan ere euskal mitologiaren antzinako legeak jarraitu beharko dituzte partaideek. 2Mariri ezin zaio inoiz bizkarra eman eta kobazulotik atera behar da sartzen den bezala, hikan hitz egin behar zaio eta ez zaio inoiz begietara begiratu behar. Abentura hau modu zoragarria da kirola eta euskal mitologia batzeko eta gure mugetatik haratago zabaltzen laguntzeko”, adierazi dute antolatzaileek.
Beste arau berezi batzuk ere baditu ekimenak, izan ere derrigorrezko material gisa, parte hartzaile guztiek txorizo, saltxitxoi edo antzekoren bat eraman beharko dute proba guztian gainean zigilaturik; eta Mari jainkosaren aurrean elegante agertzeko, alkandora bat eraman beharko dute jantzita. Pasa den urtean bezalaxe, kaskoa ere momentu batean beharrezko materiala izango da. Hirugarren edizio honetan, parte-hartzaile guztiek GPS gailu bat eramango dute, antolakuntzak utzita, bakoitza non dagoen jarraitu ahal izateko.
57 kilometroko ibilbidea
Antolakuntzak prestatutako ibilbidea ez da bere horretan jarraitu beharko eta bidea ez da markatuta egongo. 57 kilometroko luzera eta 2.500mko desnibel positiboa izango du ibilbideak. Gizonezkoek 7 ordu baina gutxiagoan osatu beharko dute eta emakumezkoek 8 ordu baina gutxiagotan. Ibilbidean zehar bi gune egongo dira, eta horietan kanpoko asistentzia jaso ahal izango dute partaideek. Mapan iturri ezberdinak adierazita izango dituzte.
Edizio honetan bi emakumek eta hemezortzi gizonezkok hartuko dute parte.
Aurreko bi edizioak Zegaman bukatu ziren. Lehena Orozkon abiatu zen, eta bigarrena Larraitzen.
Korrikalari nabarmenenak
- Angel Garcia Garcia (A Coruña, 1985). Mariren Kobak Trail lasterketaren bigarren edizioaren irabazlea.
- Imanol Aleson Orbegozo (Azkoitia, 1972). Euskal Herri mailako hamaika ultren irabazle, Ehunmilak 3 aldiz irabazi du eta 2 aldiz bigarren postuan geratua eta baita hemendik kanpo ere hainbat lasterketen podiumetan ikusi izan duguna, Andomita, Euforia, Travesera…
- Amaia Aparicio (Berango, 1975). Hiru Handiak, Goierriko Bi Handiak, Volcano eta beste hainbat lasterketetan parte hartutakoa.
- Genis Zapater (Matadepera, 1991). Mendiko eskiatzaile eta mendiko gidari entzutetsua. Kilian Jorneten azken abenturan (Alpine Connections) laguntzaile gisa aritu zen. Pasa den urteko Mariren Kobak Trail lasterketan parte hartu zuen, baina ez zuen bukatu.
- Aurelio Antonio Olivar (Madrid, 1968). Ultra maratoilaria, Maraton Alpino Madrileño-ren irabazlea, Anetoko itzuliaren errekorra egina 2008. urtean eta nazioartean makina bat lasterketa egindakoa bai korrika eta baita orientatzaile moduan ere.













