Konplizitate sareei, erresistentzia feminista
Elkarretaratzeekin bat egin dute ehunka goierritarrek, indarkeria matxistaren aurkako oihua ozen aldarrikatuz. Konplizitate sareak jarri ditu jomugan Mugimendu Feministak, eta Itaiak erasoen aurka antolatzeko eta kaleak hartzeko deia egin du. Ikus albistean herriz herriko argazkiak.
Zegaman gaur arratsaldean egindako elkarretaratzea. Indarkeria matxista jasan duen Olatz Telleriari babesa adierazi diote.Hitza Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Goierrin ere ozen entzun dira indarkeria matxisten aurkako oihuak kaleetan. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat, sistema zisheteropatriarkalaren konplizitate sareen kontra erresistentzia feminista hauspotzea eta indarkeria matxistei kolektibotasunetik aurre egitea aldarrikatu dute herri gehienetan egindako elkarretaratzeetan, tokiko talde feministek antolatuta. Iluntzean izan dira kontzentrazio gehienak. Udalek indarkeriaren aurrean komunitate feministaren indarra nabarmendu dute egindako adierazpenetan.
Ordizian goizean ekin diote egunari. Giza katea egin dute Emakumeenganako indarkeriari ez! lelopean. Belaunaldien arteko ekimena izan da; giza katea Altamiratik abiatuta, Plaza Nagusian elkartu dira haur, gazte eta adinekoak, eta han amaitu da ekitaldia, indarkeria matxistaren kontrako hausnarketak plazaratuta. Arratsaldean Garrasikada egin dute Ordiziako herri aliantza taldearen ekimenez, modu kolektiboan indarkeria matxista orori «planto!» esateko. Manifestazioarekin eta ekitaldi bateratuarekin amaitu dute eguna.
Ormaiztegin, Beasainen, Legazpin, Urretxu-Zumarragan, Ezkion, Ataunen, Idiazabalen, Itsasondon, Legorretan, Seguran, Zegaman, Lazkaon, Mutiloan, Zaldibian eta Zerainen ere elkartu dira herrietako kaleetan indarkeria matxisten aurka. Beasainen, elkarretaratzearen aurretik, Panel Morea inauguratu dute Erauskin plazan.
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzera deitu du, eta Beasainen manifestazioa egin du iluntzean, eraso ororen aurka antolatzeko, erasotuak defendatzeko eta kultura matxistari aurre egiteko aldarria zabalduz.













