Lazkaoko ikastolako langileek itxialdia egingo dute
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023an sinatutako akordio laborala bete dezan exijitzeko gaua ikastolan pasatuko dute.
Lazkaoko ikastolako hainbat langile, Hezkuntza sailak akordio laborala bete dezan exijitzeko bilkura batean. Hitza Azaroaren 26an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletan itxialdiak egingo dituzte Hezkuntza saila, akordio laborala bete! lemapean.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023an sinatutako akordio laborala bete dezan exijitzeko egingo dute protesta, “ikastoletako langile guztien soldaten parekatzea eta lan-baldintzen homologazioen azterketa gautzea eskatuz”.
Lazkaoko ikastolan bihartik etzira egingo dute itxialdia, azaroaren 26ko 19:00etatik azaroaren 27ko 7:30ak arte.
Lan baldintzetan eragina
LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, akordioa ez betetzeak “eragin zuzena du langileen lan-baldintzetan, izan ere Hezkuntza Saila iskin egiten ari zaio langile batzuen soldata parekatzeari, sinatutako akordioan parekatzea langile guztientzat izango zela adostu zuen arren”.
Sindikatuaren esanetan, akordio laboralak jaso zuen “lan-baldintzen homologazioen azterketa gauzatu behar” dela lehenbailehen. “Herri honek behar duen Hezkuntza Sistemaren eraikuntzan jarraitu nahi dugu, eta zuen seme-alabei eskubidez dagokien hezkuntza duina eskaintzen. Hori, langileen lan baldintzekin lotuta dago ezinbestean”.
Hezkuntza Sailak akordio laboralean hartutako “konpromisoak bete behar” dituela nabarmendu dute. “Ikastoletako langileok borrokan jarraituko dugu Hezkuntza Sailak dagokiguna eman arte! Ez dugu borrokan etsiko, oraingoan itxialdian eta aurrerantzean ere beste ekintza batzuk burutuz. Jo eta ke dagokiguna lortu arte!”.













