Ehun metroko txandak igerian, Movember kanpainaren alde
Busti Zaitez! ekimena egingo dute bihar Lazkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegiko igerilekuan, gizonen osasunari eragiten dioten gaixotasunen kontzientziazioa eta prebentzioa bultzatzeko.
Movember kanpainaren alde, iazko igeriketa saio solidarioko partaideak, Barandiaran kiroldegiko igerilekuan. Iñaki Belamendia Bihar, azaroak 27, Busti Zaitez! ekimen solidarioa egingo dute Lazkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegiko igerilekuan, Movemberren kanpainaren barruan. 19:00etan hasiko da, eta ehun metroko txandak egitea izango da jarduera.
Igerilekuan ehun metro txandaka egingo dituzte parte hartzaileek. Edozein pertsonak parte hartu ahal izango du, adina edo egoera fisikoa edozein dela ere. Lazkaoko Udalak azaldu duenez, “dinamika inklusiboa, ludikoa eta sinbolikoa izateko pentsatuta dago, gizartearen inplikazioa sustatuz”.
Movemberren helburuekin bat, gizonen osasunari berariaz eragiten dioten gaixotasunen kontzientziazioa eta prebentzioa sustatzea da ekimenaren helburua ere, hala nola prostatako eta barrabiletako minbiziaren inguruan edota osasun mentaleko arazoen inguruan kontzientzia sortzea. “Busti Zatitez! ekimenak gai horiek ikusarazi nahi ditu pertsona guztientzako jarduera parte hartzaile, ireki eta irisgarri baten bidez”.
Hainbat gizarte eragile, erakunde eta tokiko entitareren laguntza du ekitaldiak: Ordizia, Beasain eta Lazkaoko udalena, Ordizian, LazkaON eta Bareak merkatari elkarteena eta Atzegi, Garagune (Goyeneche Fundazioa) bezalako gizarte-erakundeena, besteak beste. Horrez gain, Antzar Triatloi Taldearen eta Aingirak Igeriketa Taldearen babesa du, eta inguruko hainbat saltoki eta enpresaren laguntza: Foto Ordizia, Aralar Inprimategia, Hotel Ordizia, Rafa Gorrotxategi, Eukene Diseinu Grafikoa eta Enrique Gorostegi Errehabilitazio eta Jarrera Berrezteko Zentroarena.
Eragile babesleek herritarrak gonbidatu dituzte ekimen solidarioan parte hartzera.













