Gabon kutsuko bigarren eskuko azokak Zegaman eta Idiazabalen
Zegaman lehenengoz egingo dute aurten, abenduaren 14an. Idiazabalgo Alaken azokak abenduaren 21ean errepikatuko du.
Alaken azoka iaz, Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Maider Insausti Azaroa amaitzear da eta abendua iristearekin batera, Gabon giroko ekintzak eta eskaintzak ugaritu egiten dira Goierrin. Hori da, esaterako Gabon kutsuko bigarren eskuko azoken kasua. Zegaman, lehendabiziko urtez antolatuko dute aurten eta herritarrei ez ezik, inguruko herrietako bizilagunei ere dei egin diete parte hartzera. Idiazabalen, aldiz, jada egonkortuta dagoen Alaken azokan parte hartzeko epea ere ireki du Idiazabalgo Udalak.
Zegamako bigarren eskuko azokak etxean erabiltzen ez diren objektuei bigarren bizitza bat ematea du helburu. Abenduaren 14an izango da, 10:00etatik 13:30era Zegamako kaskoan. Parte hartzeko izen ematea irekita dago jada. Udaletik jakitera eman dutenez, izen ematea doakoa da eta udaletxeak jarriko ditu salgaiak jartzeko mahaiak. Saldu behar den gauza kopuruaren arabera, mahai bat edo gehiago izan ditzakete saltzaileek. Izen ematea amaitzen denean jakinaraziko zaie parte hartzaileei zenbat mahai egokitu zaizkion bakoitzari.
Era berean, azokaren egunean, parte hartzaile bakoitzak eraman beharko ditu salgai bakoitzaren prezioak zehaztuta eta hala adierazita, udalak ez baitu etiketarik edo antzekorik izango. Ez dira onartuko elikagaiak, edariak, animaliak, produktu toxikoak, arriskutsuak, marken kopiak edo jabetza intelektuala urratzen dutenak.
Alaken, Igarondon
Idiazabalgo Alaken azoka Gabonetako oporraldiaren atarian ospatuko da, San Tomas egunarekin eta urtero udalak antolatzen duen Gabonetako egitarauren barruan. Igarondo pilotalekua izango da beste behin, azokaren erakusleiho. Azoka irekia da eta edozein herritarrek hartu dezake parte, etxean dituzten gauzak trukean eman edo salgai jartzeko. Azken urteetan askotariko salgaiak izan dira aukeren artean: artisau lanak, bigarren eskuko produktuak, jostailuak, marrazkiak; baita gastronomia eta gozogintza eskaintza ere, besteren artean.
Udalak aste honetan bertan eman du jakitera, parte hartu nahi duten herritarrek izena emateko aukera zabalik dutela dagoeneko. Udalaren web gunean izen emate orria bete behar da horretarako, eta online erregistratu daiteke udalaren egoitza elektronikoan edo udaletxean bertan aurkeztu zuzenean.
Udalak jakitera eman duenez, idiazabaldarrek izango dute postua jartzeko lehentasuna eta parte hartzaile bakoitzaren ardura izango da salgaiak azokara eramatea. Mahaiak eta aulkiak udalak muntatuko ditu bezperan eta azokari 11:00etan emango zaio hasiera.













