‘Amaren eskuak’ filma igandean, Zegamako gaztelekuan
'Amaren eskuak' filmeko sekuentzia bat.Hitza Zegamako emakumeen taldeak eta Gazte Herexak antolatuta Amaren eskuak filmaren emanaldia izango da igandean, Zegamako gaztelekuan. Saioari 17:00etan emango zaio hasiera eta txokolatea eta bizkotxoak dastatzeko aukera ere egongo da emanaldiak irauten duen bitartean.
Mireia Gabilondoren (Bergara, 1964) zuzendaritzapean, 2013an estrainatu zen Amaren eskuak filma. Zuzendari bergararraren bigarren film luzea izan zen, Karmele Jaio (Gasteiz, Araba, 1970) idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta.
Nerea (Ainara Gurrutxaga) emakume heldua da, ingeles batekin (Mark Schardan) ezkondua eta alaba bat duena. Erabat estresaturik bizi da eta bizitzari zentzua aurkitu ezinik dabil. Ama ospitalean dagoelarik, ama gaztea zenean marinel batekin izan zuen maitasun-harremanaren berri izango du.













