Ataungo oroimen historikoaren zikloa igandean bukatuko da
Olaberriko Olargi elkarteak sustatutako ‘Eraman zutela’ ikuskaria proiektatuko dute gaur.
Ezker-eskuin, Deñe Garcia-Bravo Alberdi, Maria Laespada Lazpita eta Mikel Balerdi Arruabarrena. Izaro Villarreal Ataungo Memoria Historikoaren taldeak herriko beste hainbat elkarterekin lankidetzan antolatutako Iragana gogora ekartzen 2012-2025 Oroimen historikoaren zikloa azken txanpan sartu da. Gaur eta igandean dituzte azken ekitaldiak.
Olaberriko Olargi elkartearen ekimenez ondutako Eraman zutela dokumentala izango da ikusgai gaur Herri Antzokian, 19:00etan. Proiekzioaren ondoren, Deñe Garcia-Bravo eta Mikel Balerdi dokumentalaren zuzendariekin solasaldia egiteko aukera izango da. Martzelo Lasa eta Jesus Bujanda olaberritar fusilatuen memoria gaur egunera ekarri dute bi gazteek ikus-entzunezkoan.
Oroimen ekitaldia Aian
Igandean bukatuko da zikloa, ohi bezala Ataungo Aian egingo duten oroimen ekitaldiarekin. 1936ko Gerraren ondorioak jasan zituztenei omenaldia egingo diete. Hitzordua 12:00etan da.













