Bakardadeari eta osasun mentalari buruzko diagnosia martxan
Bi saio ireki egin dira 33 herritarren parte hartzearekin. Inkesta bat zabalduko da hizkuntza eta formatu ugaritan. Datuetan oinarritutako ekintza plan komunitarioa diseinatuko da ondoren.
Prozesuan egin duten saioetako bat. Beasaingo Udala Beasaingo Udalak eta Dar-dar kooperatibak nahi ez den bakardadearen eta osasun mentalaren inguruko diagnosi komunitarioa abiatu dute, eta azken asteetan egindako bi saio irekitan herritarren ekarpenak jaso dituzte. Proiektuaren hurrengo urratsa herritar guztiei zuzendutako inkesta zabaltzea izango da.
Udaletik jakinarazi dutenez, proiektu hau hiru fasetan egituratuta egongo da: sentsibilizazioa, ikerketa eta diagnosia, eta ondorioak oinarri izango dituen parte hartze prozesua. Une honetan sentsibilizazio fasea amaitzear dago eta diagnosi lana abiatuko da. Ikerketa EHUko Psikologia saileko Ainara Arnosok eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoko Maribel Pizarrik gidatuko dute.
33 lagun
Urriaren 29an eta azaroaren 4an udaletxeko batzar aretoan egindako saioetan 33 lagunek parte hartu zuten, hamabost elkarte eta eragile ordezkatuz. Saioetan, proiektuaren ibilbidearen berri eman zen, Aranealde etxean egindako jardueren laburpena partekatu zen eta diagnosi fasearen nondik norakoak azaldu ziren.
Udalaren arabera, orain arte guztira 539 herritarrek hartu dute parte prozesuan, eta parte hartzaileen asebetetze maila «oso altua» izan da.
Herritarren ekarpenak
Saioetako ardatz nagusietako bat inkesta berrikustea izan zen, eta herritarrek egindako ekarpen askotarikoak jaso ziren. Aditu taldeak onartutako aldaketen artean zegoen galdetegiaren luzera murriztea.
Hizkuntza aniztasunari eta irisgarritasunari lotutako gomendioak ere nabarmendu dira. Inkesta euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, errumanieraz, arabieraz, ingelesez eta frantsesez ere eskuragarri egongo da. Gainera, galdetegia internet bidez zein paperean bete ahal izango da, eta udalerriko puntu ezberdinetan jaso eta utzi ahal izango da –liburutegia, udaletxea, aisialdi guneak…–. Halaber, laguntza saio gidatuak antolatuko dira.
Antolatzaileen hitzetan, «herritarren parte-hartzeak inkestaren kalitatea hobetu du eta komunitate osoari egokituta dagoen tresna lortzen lagundu du».
Saioetan proiektuaren barruan garatuko den antzerki tailer inklusiboa aurkeztu zen. Tailer honen helburua komunitatea aktibatzea, harremanak sendotzea eta adinekoen, gazteen eta egoera zaurgarrian dauden pertsonen arteko zubiak eraikitzea da.
Inkestaren azken zuzenketak txertatuta, datozen egunetan zabalduko da. Helburua da Beasaingo herritarren errealitatea modu anonimo eta fidagarrian jasotzea: bakardadearen esperientzia eta sare sozialen indarra eta buru osasunarekin lotutako bizi kalitatea.
Jasotako datuek diagnosi eguneratua egiteko balioko dute, eta ondoren, parte-hartze prozesu baten bidez, herritarrek euren ekarpenekin ekintza plan komunitario bat diseinatuko dute.
Beasaingo Udalak eta Dar-dar kooperatibak eskerrak eman dizkiete orain arte parte hartu dutenei, eta herritar guztiei dei egin diete inkestan parte hartzera.













