Aparkaleku eremu berria egokitzen ari dira Zaldibian, hilerri ondoan
Joan den ostegunean hasi ziren lanak egiten, eta aste honetarako bukatzea espero du udalak.
Aparkalekuak egingo dituzten eremua.Zaldibiako Udala Zaldibiako Udalak joan den ostegunean hasi zituen hilerri inguruan aparkaleku gune berri bat egokitzeko lanak. Hilerrirako bidean egongo da kokatuta, hondakinen etxolaren inguruan, eta lanak aste honetan bertan amaituko direla espero du.
“Zaldibiako hilerri inguruan disuasio aparkaleku txiki bat egitearen kontua aspalditik datorren ideia da. Oraingo honetan obra xume bat egitea erabaki da. Lan hauetan, zorua todo-uno moduko materialez estaliko da. Honela, lurra ez dugu hormigoi edo asfaltoz bezain beste artifizializatuko eta impermeabilizatuko eta hobeto erantzungo dio inguruaren izaera landatarrari”, nabarmendu du udalak ohar bidez.
Kokagune berri hori Mendiondo etxea eta Lizardi kaleen arteko “kotxe jabeei gauzak errazteko asmoz” egin duela azaldu du udalak. “Era berean, Arruegiko baserrietatik herrira hurbiltzen direnentzat eta herriko ospakizunetan aparkaleku falta dagoenean ere baliagarri izatea du helburu”.













