Eguberrietako kultur egitaraua aurkeztu dute Idiazabalen
Asteazkenean, Euskararen Egunarekin hasi eta urtarrilaren 6ra arte, ekintzaz betetako egitaraua antolatu dute Idiazabalgo Udalak eta herriko hainbat elkartek elkarlanean.
Iazko Alaken azoka, Igarondo pilotalekuan. Maider Insausti Idiazabalgo Udalak, herriko elkarte, talde eta eragileen laguntzaz, Eguberrietako egitaraua osatu du aurten ere. Asteazkenean, Euskararen Egunarekin hasi, eta Errege Egunera arte, adin guztietako herritarrentzako ekitaldiak antolatu dituzte.
Urteroko hitzorduak ez dira faltako. Abenduaren 12an, Goierriko bertsolarien saioa izango da; 21ean Alaken azoka, 24an kantu eskea eta Olentzeroren etorrera; 30ean Gabonetako Haur Parkea; urtarrilaren 1ean ardo partizioa, eta 6an errege kabalgata.
Bestelako ekitaldiak ere izango dira, ordea; abenduaren 10ean, Sexu aniztasuna hirietatik at hitzaldi saioa izango da; hilaren 13 eta 14an, herritarrentzat doako bisitak egingo dituzte Gaztaren Interpretazio Zentroan; eta 20an, Segurako Xirikara antzerki taldeak Ama begira zazu antzezlana eskainiko du. Gaztetxoek egindako sorkuntza lanen erakusketa, berriz, abenduaren 15etik 30era arte egongo da ikusgai.
Horiez gain, urtero bezala, Gaztelekuak eta Atseden jubilatu elkarteak Eguberrietako ekintza bereziak ere antolatu dituzte. Jarraian duzue ikusgai egitaraua osorik.













