Lazkaok 2026rako herri baratzeak esleitzeko epea ireki du
Udalak 37 herri-baratze lursail eskainiko ditu. Abenduaren 9ra arte egin daitezke eskaerak, udaletxean bertan edo erregistro elektronikoaren bidez.
Herri baratze bateko irudia. Lazkaoko Udalak 2026rako herri baratzeak eskatzeko epea irekiko dela iragarri du, guztira 37 lursail herritarren eskura jarriz. Iaz bi partzela berri egokitu ziren.
Egungo esleipenak 2026ko urtarrilaren 31ra arte egongo dira indarrean, eta, hortaz, esleipendun berriek 2026ko otsailaren 1etik aurrera hasiko dute udal-baratzeen kudeaketa. Udalaren esanetan, antolaketa horrek “lursailen banaketa bidezko eta eraginkorra bermatzea” du helburu, interesa duten herritarren artean.
Baratze publikoetako lursail bat eskuratu ahal izateko, eskaera egiten duten pertsonek Lazkaoko Udalak ezarritako hainbat baldintza bete behar dituzte. Eskaeragileak Lazkaon erroldatuta egon behar du, nekazaritza eta laborantza-lanak egiteko gaitasun fisikoa izan behar du, eta Udalarekin dituen betebehar fiskalak egunean eduki behar ditu. Halaber, ez eskaeragilea ezta bere familia-unitateko inor ere ezin dira beste baratze baten erabiltzaile izan, eta ezin dute izan jarduera agrikolarako egokiak diren lurzoru rustikoen jabetza, gozamena edo errentamendua.
Eskaerak abenduaren 9ra arte
Interes handia egon daitekeela aurreikusita, udalak neurri berezi bat ezarri du, eta eskaera kopurua 37 lursailen eskaintza baino handiagoa bada jarraian 4 urte herri baratzeen erabiltzaile izan diren pertsonak urtebetez baztertuta geldituko dira, beste herritar batzuei aukera emateko.
Eskaerak abenduaren 9ra arte aurkez daitezke. Horretarako, interesdunek udaletxera joan edo erregistro elektronikoa erabili dezakete.
Esleipen prozesuari buruzko informazio gehiago edo zalantzak argitzeko, herritarrek Lazkaoko Udalarekin harremanetan jar daitezke 943 08 80 80 telefono zenbakira deituta, udala@lazkao.eus helbide elektronikora idatzita edo udaletxera bertara joanda.













