Trafikoaren antolaketan aldaketa garrantzitsuak egingo dituzte Beasainen
Beasaingo Udalak jakinarazi du bihar jarriko dituztela indarrean aldaketak.
Trafikoa Beasainen. Beasaingo Udalak trafikoaren antolaketan egingo dituen aldaketa garrantzitsuak iragarri ditu, bihartik aurrera indarrean jarriko direnak, eguraldiak pintaketa lanak amaitzea ahalbidetzen badu. Neurri berriekin herriguneko zirkulazioa antolatuagoa eta seguruagoa izatea bilatzen da, bereziki N-1 errepiderantz egiten diren irteeretan eta Mendeurren etorbidearen inguruko puntu arriskutsuetan.
Udalak adierazi duenez, herriguneko kaleetan egingo diren norabide aldaketak «abantaila nabarmenak» ekarriko dituzte herri barruan ibilgailuen zirkulazioan. Batetik, San Inazio eta Esteban Lasa kaleetatik N-1era irteera erraztuko da, eta modu berean, Oriamendi kaleko trafiko intentsitatea murriztuko da. Bestetik, Mendeurren eta Nafarroa etorbidearen arteko bidegurutzean —puntu beltza den horretan— sortzen diren egoera arriskutsuak leuntzeko neurriak hartuko dira.
Aldaketa nagusiak
Beasaingo Udalak herriguneko zenbait kaleren norabideak aldatuko ditu (ikusi mapak albistearen amaieran) trafikoa hobe kudeatzeko eta, bereziki, San Inazio eta Esteban Lasa kaleetatik N-1 errepidera irteera errazteko. Aldi berean, Oriamendi kaletik doazen ibilgailu kopurua murriztea ahalbidetuko da eta Mendeurren – Nafarroa Etorbidearen arteko bidegurutzean, segurtasuna hobetuko da.
Erauskin kaleak norabide berria izango du 4. zenbakia arte: Erauskin plazatik gorantz egingo da. Erauskin kaleko 4. zenbakiko bidegurutzean elizarantz hartu ahal izango da eta Martina Maiz kaletik jaitsi Esteban Lasa kaleraino. Beasainmendira igotzeko aukera mantenduko da 4. zenbakitik gora eginez.
Andre Mari kaletik gora doazen ibilgailuek nahitaez eskuinera biratu beharko dute Martina Maiz kalera, hortik beherantz Esteban Lasa kalera iristeko.
Igartetxe kaleak ere norabidea aldatuko du, eta hemendik aurrera goranzko norabidea izango du.
Mendeurren etorbidean beste aldaketa esanguratsu bat egingo da. Bide gorriaren pareko bidegurutzea puntu beltza denez, Oriamenditik datorren trafikoa Irizargo biribilgunera bideratuko da. Horretarako, Nafarroa etorbidetik
aurrera jarraitu beharko da; ezin izango da zuzenean Trenbide kalera iritsi. Mendeurren etorbideko 2Ako garajeetako erabiltzaileek, ordea, Trenbide kaletik sartu eta irten beharko dute.
Aldaketa hauek indarrean jartzen diren lehen egunetan, Udaltzaingoak gidariei laguntza eskainiko die, norabide berrietara egokitzen laguntzeko eta zirkulazioaren fluxua arintzeko.
Aldaketa horiek guztiak Beasaingo mugikortasun jasangarriaren estrategiaren barruan kokatzen dira. Neurriek bide-segurtasuna handitzea, herritarren joan-etorriak erraztea eta herriguneko trafikoaren kudeaketa modernizatzea dute helburu, eta Udalak nabarmendu du moldaketek «herritarren ongizatean eragin zuzena» izango dutela.
Kaixo eta agur
Horrez gain, Zaldizurretako biribilgunearen inguruan ere bi esku-hartze egin dira. Batetik, Kaixo eta Agur izeneko geldialdi laburreko gunea sortu da, orain arte askotan eragiten ziren egoera deseroso eta arriskutsuak ordenatzeko. Autoek bi minutuko geldialdia egin ahal izango dute bertan, pertsonak jaso edo uzteko. Bestetik, Joan Iturralde kaleko autobus geltokia biribilgunera lekualdatu da, trafikoan sortzen zituen trabak saihestu eta erabiltzaileei espazio seguruagoa eta erosoagoa eskaintzeko.
Udalak jakinarazi du aldaketok guztiz indarrean sartuko direla abenduaren 2an, arratsaldean, baldin eta pintaketa lanak amaituta badaude. «Egokitu beharreko fase txiki bat izango bada ere, aldaketok denbora gutxian normalizatuko direla» azaldu dute.














