Etxebizitza, zaintza eta jasangarritasuna, 2026. urteko aurrekontuen ardatz
23,4 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du udalak. 400.000 euro bideratuko dira etxebizitza publikoetara. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak %44ko igoera izango du.
Beasaingo Udal Gobernu taldea osatzen duten zinegotziak. Beasaingo Udalak 2026rako aurrekontu proposamena aurkeztu du: guztira 23.413.825 euro. «Herritarren ongizatea eta legealdi honetan ezarritako konpromiso estrategikoak erdigunean jarriko dituen proiektua» dela aurreratu dute. Gobernu taldearen esanetan, aurrekontuak «etxebizitza duina eskuragarri egitea, zaintza komunitarioa indartzea eta herri jasangarria eraikitzen jarraitzea» ditu helburu nagusi, horrekin batera udal finantzen oreka bermatuz.
Etxebizitzaren arloa izango da datorren urteko inbertsio garrantzitsuenetako bat. Udalak 400.000 euro bideratuko ditu alokairuko etxebizitza publikoak eraiki ahal izateko lurzoruak erostera, begia Ugartemendin eta Bernedoenean jarrita. Iragarri duten moduan, Plan Orokorrak aurreikusten du Ugartemendin 90 etxebizitza publiko eraikitzea eta Bernedoenean 270 babes publikoko etxebizitzarekin osatutako 600 etxebizitza berriko zabalgunea garatzea. Ildo berean, udalak eusten dio herrian identifikatuta dauden 252 etxebizitza huts aktibatzeko politikari, gazteentzat eta mugikortasun urriko pertsonentzat hileko 100 eta 250 euro arteko laguntzekin.
Ongizatean jauzia
Ongizate sozialari dagokionez, 2026ko aurrekontuak jauzi esanguratsua planteatzen du. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren aurrekontua %44 handituko da, 1,3 milioi eurora iritsiz. Zaintza komunitarioaren ikuspegitik, aurten martxan jarriko dira Etxelagun programa —autonomia pertsonala eta elkar zaintza sustatuko duten etxebizitza tutelatuen eredua— eta Zaintza Mahaia, herriko arreta zerbitzuak eta mendekotasunarekin lotutako beharrak modu koordinatuan lantzeko. Halaber, herritarrekiko harremanak sendotzeko eta nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko ekimenak garatuko dira, Beasain konektatzen da kafe baten bueltan izeneko programa berria tartean. Ikastetxeekin elkarlanean, udalak gazteen ongizate emozionala lantzeko egitasmoak indartuko ditu, eta Gazteriaren plan berria ere urtean zehar garatuko da.
Jasangarritasuna
Jasangarritasuna eta espazio publikoaren zaintza ere badaude proposamenaren erdigunean. Ibaien garbiketa eta espezie inbaditzaileen kontrolarekin jarraituko du udalak, baita hirigunean babesgune klimatikoak eta desamiantatze lanak bultzatzen ere. Mugikortasun jasangarriaren alde, CarSharing zerbitzuaren sendotzea aurreikusi da.
Irisgarritasunaren arloan, berriz, herri mailako Irisgarritasun Plana eguneratzeko borondatea agertzen du, eta Mateo Mujika eta Arantzazu kaleen arteko igogailuaren proiektuak aurrera egingo du. Bestalde, Arana Gaiztarro parkean berrurbanizazio prozesu parte-hartzailea abiatuko da, igogailu publiko bat txertatzeko asmoarekin. Hirigunean eta sarreretan nortasun bisuala indartzeko, Senpereko horma-irudia handituko da udan.
Auzoetako bizitza eta konektibitatea hobetzeko asmoz, AuzoTaxi zerbitzuak herriko landa eremu gehiagotara zabalduko du jarduna —Gudugarreta barne—, eta landa eremuetako bide publikoen mantentze lanetarako 80.000 euro bideratuko dira urtero.
Ekonomia eta enplegua
Tokiko ekonomia eta enplegua ere izango dira lanerako beste zutabe batzuk. Goiekirekin elkarlanean, prestakuntza-programak eta enplegua sustatzeko laguntzak sendotu nahi ditu udal gobernu taldeak. Tokiko merkataritza biziberritzeko, negozioen jarraipena, saltoki hutsen berrerabilera eta azokaren dinamizazioa lehenetsiko dira.
Ekonomia zirkularraren arloan, Zero hondakin – Rexcatering programaren jarraipenak eta tokiko produktuen kontsumoa errazten duen Tori! zerbitzuaren sendotzeak bere leku propioa izango dute; azken honek etxebizitzetako atarietan doako banaketa takillak instalatzeko aukera ere eskainiko du.
Abenduaren 22an
Ekitaldi berriko aurrekontu proiektua aurkeztu ondoren, udalak jakinarazi du oposizioko taldeekin partekatu duela dokumentua, ekarpenak jasotzeko asmoz. Proposamenaren bertsio itxia abenduaren 22ko osoko bilkurara eramango da onarpen prozesua abiarazteko.
Gobernu taldearen hitzetan, «aurrekontu zorrotz eta arduratsua da, zorrik gabe eta herriaren erronka estrategikoei begira egina; helburua beasaindarren ongizatea eta komunitate sendo eta jasangarria eraikitzea baita».













