Nomadak gaitun azoka ibiltaria Lazkaon izan da gaur
Dinagu Kolektiboaren emakume sortzaileen azoka Biziola fabrikan ari da ospatzen, eta igandean azken aukera izango da bertaratzeko.
Nomadak gaitun azoka ibiltaria gaur arratsaldean.Lide Egizala Dinagu Kolektiboak antolatutako ‘Nomadak gaitun!’ azoka ibiltaria Lazkaoko Biziola fabrikan izan da gaur, larunbata, eta sortzaileen lanak ezagutzeko eta erosteko aukera eman die bertaratu diren herritarrei. Euskal Herriko emakume sortzaileen topagune bihurtu da espazioa, sormen anitzeko produktuak eta gabonetarako opari bereziak eskura jarriz.
Duela pare bat urtez Lazkaon egindako edizioek izan zuten harrera onaren ondoren, azoka berriz ere Biziolara itzuli da asteburu honetan. Gaurko jardunaldian hamasei sortzaile bildu dira, eskualdekoak zein kanpotik etorritakoak, eta askotariko sorkuntzak aurkeztu dituzte: artisautza, zeramika, ehungintza, kosmetika naturala, ilustrazioa eta bestelako proposamenak.
Azokak giro atsegina sortu du, eta Biziolako elikagai denda eta bigarren eskuko txokoa ere irekita egon dira, bisita osatzeko aukera eskainiz.
Bihar, igandea, azken eguna
Azoka bihar, igandea, izango da berriz ere zabalik, 11:00etatik 14:30era, eta oraingoan hamazazpi sortzailek hartuko dute parte. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte azken egun honetan ere bertaratzera, bertako eta mimoz egindako produktuak ezagutzeko eta euskal emakume sortzaileen lana babesteko.













