Errenazimendura itzulera, musika eta dantzaren bitartez
Andre Mari Zeruratuaren elizan aurkitu ziren horma-irudi errenazentistak aurkezteko kontzertua egin dute. Loinatz eta Narama abesbatzek, Beasaingo Musika Eskolako orkestrak eta Aurtzaka dantza taldeak parte hartu dute ekitaldian.
Gaurko Musika eta dantza pintzelkadak ekitaldiarekin amaiera eman zaio Igartza Musika Zikloari. Zikloa ixteaz gain, herriko ondare historikoaren parte den Andre Mari Zeruratuaren elizan aurkitu ziren horma-irudi errenazentistak aurkezteko kontzertua ere izan da.
Kontzertuaren helburua dantza, musika eta horma zaharberritutako horma-irudiak uztartzea izan da, bertaratu direnei formatu bereziko emanaldi bat eskainiz. Zuzendaritza artistikoa Carles Mas i Garciaren esku egon da, eta Xabi Sarasola musikagileak espresuki kontzertu honetarako sortutako piezak interpretatu dira, elizan agertutako margolan historikoetan oinarrituta. Lan horiek Musika Eskolako Orkestrak eta Loinatz Abesbatzak eskaini dituzte, antzinako eta gaur egungo instrumentuak uztartuz.
Kontzertuak Errenazimentuko dantza eta musika moldeak berreskuratu ditu —pavana, branslea, basse danse edo saltarello, besteak beste—, eta Antxieta, Josquin des Prez, Praetorius, Steve Dobrogosz eta Xabier Sarasola bezalako egileen lanak eskaini dira. Piezen berreraikitze koreografikoa eta interpretazio historikoa Carles Masen esku egongo da.
Emanaldia bi saiotan eskaini da: 16:30ean eta 19:00etan.













