'Hauspo bat bihotzari' ikuskizuna, soinu txikiari egindako omenaldia
Zumarragarekin eta trikitixarekin lotura izan duten hainbat toki azaldu dira, baita hainbat gertaera gogoratu ere: Zumarragako geltokiko kantina, apopilo etxeak, 1936ko gerra eta eliza eta erlijioaren errepresioa, besteak beste.
Santza Lutzi egunaren biharamunean, Hauspo bat bihotzari ikuskizuna egin dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan, 12:00etan. Andoni Salamero olerkari zumarragarrak sortu du ikuskizuna, trikitixari omenaldia egiteko asmoz. Salameroren olerkiez gain, artista ugarik parte hartu dute emanaldian: Garazi Etxaburu dantzariak, Kepa Urteaga eta Mikel Alustiza trikitilariek, Andoni Egaña bertsolariak eta musika eskolako trikitilariek, Gorka Larrañagaren marrazkiekin batera.
Ikuskizunean zehar, Zumarragarekin eta trikitixarekin lotura izan duten hainbat toki azaldu dira, baita hainbat gertaera gogoratu ere: Zumarragako geltokiko kantina, apopilo etxeak, 1936ko gerra, eliza eta erlijioaren errepresioa, Orbegozo fabrika, herritarrak eta trikitixa munduarekin lotu zituzten garraiobideak, besteak beste. Soinu txikia izan da narratzailea, eta bere bizipenen berri eman du.
Arratsaldean Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdia egingo da Zelai Ariztin, 18:00etan. Bertan, Aitor Bizkarra, Aitor Mendizule, Nerea Elustondo eta Mikel Iturriotz bertsolariak arituko dira kantuan.













